Jeiki, jeiki!

Erabiltzailearen aurpegia Maitane Dorronsoro 2024ko ots. 25a, 07:58

Aurreko astean eman genien amaiera, beste behin, urteroko legez, Tolosako Inauteriei. Kolorez, txarangaz eta umore ona zabalduz bete genituen gogotsu tolosarrok geure kaleak pasa den astean, eta jai-giroaz gozatzeko aukera paregabea izan genuen biztanle ugarik.

Hala ere, iragarritako inauteri alaiak ez dira beti izaten aurreikusi bezain ederrak, eta festa-egunen biharamunean hainbat gaztek sexu erasoak eta exhibizionismoa pairatu zituztela jakin genuen. Geure herrian ez ezik, tamalez, Azpeitian ere eraso sexistak gauzatu dira jaietan ere.

Gertakarien harira, pare bat fenomeno iritsi dira egunkarien lerroburuetara: alde batetik, badirudiela, nonbait, ustezko bi erasotzaile behin-behinekoz aske geratu direla eta, bestalde, Tolosako Udaleko hainbat ordezkarik adierazpen publikoa egin zutela edozein motatako eraso sexisten aurka Asteartita arratsaldean. Gauzak horrela, burura datorkit izaera ezberdineko neska gazteen artean denbora luzez lantzen aritu garen ezbaia, eraso sexisten aurrean babesteko eta haien ostean erantzuteko hutsuneak direla eta.

Izan ere, neskato askoren ikuspuntua da instituzioak eurak emakumeak jai-giroan babesteko bestelako bitartekoak eskaintzea ezinbestekoa dela, jadanik martxan daudenak mantendu eta adierazpenak egiteaz gain. Horren adibide dira, besteak beste, hainbat gazte talde feministek proposatutako etxeratze kolektiboak, etxera biderako bakardadeak segurtasun eza eragin ez dezan eta erasoak jasateko «trabak» jarri ditzaten. Ildo beretik, bortxaketa zein sexu eraso bat pairatu ostean aurrera eraman beharreko protokoloaren argibideak gazte guztioi eskaintzen saiatu dira aipatu taldeok ere: nora jo behar dugu erasoa jasan izanez gero? Zein mediku-arreta eskatu behar dugu eta noiz? Ba al dago biktima gertaeren lekuan bertan nolabait babesteko edo laguntzeko biderik? Zein da horietan aproposena?

 

«Hala eta guztiz ere, emakumeok indarkeria matxistari planto egiteko baliabideak behar eta nahi ditugu, eta gure ordezkariei eskatzen diegu ohe horietatik jaiki daitezen gure eskaerei erantzuna ematearren»

 

Emakume-sare horien lana txalogarria dela azpimarratzen dudan arren, askoren ustea da biztanleok eskubidea dugula beharrezko babesa eta jakintza bereganatzeko, eta udalaren zein instituzio jakinen ardurek azaldu bitartekoak eskaintzean dautzala ere. Agian, ez ote dabiltza, bada, talde feminista independenteak instituzioek bete beharreko eginkizunak bere gain hartzen? Argi eta garbi dago edozein erasoren aurrean erasotzailea bera dela errudun bakarra, eta akats barkaezina litzatekeela biktimak eurak erantzule bihurtzea. Hala eta guztiz ere, emakumeok indarkeria matxistari planto egiteko baliabideak behar eta nahi ditugu, eta gure ordezkariei eskatzen diegu ohe horietatik jaiki daitezen gure eskaerei erantzuna ematearren. Geure ongizate eta babeserako lanean ari diren horiek, euren generoa dena delakoa, erasoen erantzule bihurtzen dira arazoa eta balizko konponbideak aintzakotzat hartzen ez badituzte.

Inauterietan bakarrik ez ezik, edozein egunetan, ordutan eta momentutan aske bizi nahi dugu emakumeok, eta hura lortu arte borrokatu behar du gizarte osoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!