Zilbor-hestea mozterako lotzen digute ezaugarri jakin batzuetara. Hankartean daukaguna bezalakoa behar dugu izan. Zakila dutenak kanpora begirakoak, agerikoak, handinahiak, malatsak, gogorrak; alua dugunok barrura begirakoak, apalak, malguak.

Ez da kasualitatea alua dugunok ahulak izatea. Berezkoak ditugu iztartean dugun hori bezalako zimurrak. Tolesduraz josiak gaude. Nago. Pleguz josten gaituzte. Naute.

Josi-josiak dauzkat feminitatearen eredutik hanka egiteagatik sortutako ubeldurak, aspaldi joan ziren futbol(ari) garaian marimutil ezizena jarri zidaten garaiko ostikoen odolbilduak. Ohikoa bezain neurrizkoa ez izateagatik, inposatutako diskrezioz kanpokoa, lotsagabe izengoitia jarri didate ezagutzen ez nauten lotsabakoek. Ezizenek ubera luzea utzi dute nigan.

Lotsa gutxi omen lotsati izan behar dudanean. Itzalean, ezkutuan, gorde-gordean egon behar dudanean. Orri zuri honetan idazteak, ATARIAko plaza hartzeak, dantzan jartzen dizkit segurantziak; fokupean egoteak, isilpekoak ahoz gora esateak, nahaspilatzen baititu sekretuan ordenatutakoak.

Ordenatu ziguten behar genuela meheak izan itxuraz eta finak izaeraz. Baskularen orratzari ordua seinalatzen uzten ez diodan arren, izterren jolasak seinalea jartzen dit eta kiloen oreka haustean konfiantzaren oreka ez desorekatzen ahalegintzen naiz. Ikaraz. Fina ez izateagatik izu. Idazten dudanaren tonu ez-sotilak zauri gehiago josiko dizkidan beldur.

Eta ez da kasualitatea, uste dutena baino alu ahulagoa dudalako baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!