Marta Alonsok bi domina lortu ditu Espainiako Unibertsitateen arteko Txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea IKT 2014ko api. 24a, 13:28
Tolosaldea IKT-ko lau igerilari izan dira Murtzian jokatu diren Espainiako Unibertsitateen arteko txapelketan lehiatzen: David Rodriguez, Jon Ander Perez, Imanol Ezeiza eta Marta Alonso. Azken honek, gainera, bi domina lortu ditu.

Atzo eta gaur Espainiako Unibertsitateen arteko igeriketa txapelketak jokatu dira Murtzian, eta Tolosaldea IKT taldeko lau igerilari izan dira bertan: David Rodriguez, Jon Ander Perez, Imanol Ezeiza eta Marta Alonso. Espainiar estatuko igerilari onenekin lehiatu ondoren, bi dominarekin itzuli dira Tolosara. Biak, Marta Alonsok eskuratutakoak.

Tolosarra bikain ari da azken aldian. Duela bi aste, Palma de Mallorcan jokatu ziren nagusien mailako Espainiako Txapelketak eta 50 metro tximeletako finalean sailkatzea lortu zuen. Unibertsitate artekoan, berriz, proba berean zilarrezko domina lortu du. Estilo bereko 100 metroko lasterketan, berriz, hirugarren izan da.

Autobusean, Murtziatik bueltan, harrapatu du Tolosaldeko Atariak Marta Alonso. Lortutako dominekin "oso oso pozik" dagoela adierazi du. Tolosarrak, forman dagoela onartu arren, ez zuen espero horrelakorik. Emaitzez haratago, "esperientzia bikaina" izan dela adierazi du Alonsok. Palmako esperientzia ere oso aberasgarria izan dela azaldu du: "Guretzako erreferente diren Mireia Belmonte bezalako igerilariekin egon eta lehiatzeko aukera izan nuen, eta hori asko da. Pozik nago".

Gizonezkoen mailan, berriz, emaitza txukunak lortu dituzte hiru igerilariek. Jon Ander Perezek hiru probatan lehiatu du: 100 metro estilo librean, bederatzigarren sailkatu da; 200 metroan seigarren izan da; eta lau estiloko frogan zazpigarren. Imanol Ezeizak, berriz, bizkar estiloan lehiatu du: 100 metroko proban 12. izatea lortu du, eta 50eko proban bederatzigarren sailkatu da. David Rodriguez, berriz, 13. izan da 50 metro tximeleta estiloko proban, eta 18. 100 metro librean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!