Eta hala jarrai dezala

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Goikoetxea Azpeitia 2016ko urt. 22a, 11:22

Bihar plana badugu eskualdeko bertsozaleok. Azken urteetako usadioari jarraiki, Ataria-k antolatutako bertso jaialdia hartuko du Leidorrek asteburu honetan. Hedabidearen alde egiteko eta zaletasun bera konpartitzen duten herrikideak bildu eta bertsolaritzaz disfrutatzeko aukera emango digu, beste behin, saioak.

Beste behin, bai; jada seigarren urtez. 2010ean egin zen lehen aldiz, orduan ere urtarrilaren 23an. Txolarre irratiaren hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldiak biribiltzeko saioa izan zen hura, Zizurkilen, Alegian zein Tolosan egin ziren beste saio batzuen ondotik. Ahalegina egin zen saio hura antolatzen eta oihartzuna zabaltzen. Antolatzaile gisara orduan, esperientzia ederra izan zen, emaitza emankorraz gainera bidea ere aberatsa izan zelako; han eta hemen kartelak pegatzeko estrategia onenetan trebatzeaz aparte, neu ere bertsozaletu nindutelako Leidorreko zein aurreko saioek.

Ikusle eta atarikide moduan gozatzen dut orain saioa, lehenengo urte haietan bidelagun izan ziren lagun handiekin. Eserlekuan jarri eta duela zenbait urte Txolarre irratian sinesten genuenok ereindakoak oraindik ere Ataria-rekin eta bertsozaleei esker jarraipena duela ikusteak zirrara eragiten du. Eta hala jarrai dezala: eskualdean dugun proiektuan sinesten dugunaren keinu eta baita bertsozaletzeko bide ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!