Hegaldi berria

Erabiltzailearen aurpegia Agustin Amiano Gurrutxaga 2013ko abe. 20a, 12:52

Bizirik nagoela esan dezaket, iaz gorriak eta bi ikusi ondoren. Aurten oso gustura nago nire gelako lagunekin, ni bakarrik uzteko joera bukatu zaiela ematen du; orain arnasa hartzen dut, hobea naiz ikasketetan, apainago janzten naiz edo zuzenago jotzen dut baloia.

Bukatu dira mugikorretik bidaltzen zizkidaten mezu iraingarriak, gaiztoak; amaitu dira nonahi zelatatzen ninduten idatzi lerdoak. Iaz inork ez zuen nirekin ateratzeko betarik ez gogorik, iaz lata herdoildu eta isolatu bat sentiarazten ninduten. Eskerrak nire txakurrak ulertzen ninduen, eta orduak egiten zituen nire magalean etzanda, nik besarkatuta, bere belarri ertzera malkoren bat isurtzen nuen bitartean.

Nire gurasoak hamar urte zahartu dira urtebetean, baina beste aurpegi bat dute orain, eta nik bezalaxe, ez dute pasatakoaz hitz egin nahi, beraien artean auskalo zenbat saio egingo dituzten baino. Hor diraute iaz irekitako galdera ikur guztiek halere. Zergatik? Zer egin diet? Noiz huts egin dut? Eta zer egin behar dut? Noiz arte? Gaiztoa al naiz?

Nire ahizpari kontatzen nizkion nire pasadizo krudelak, eta berak nirekin batera egiten zuen negar, kalera atera eta oihuka hasteko gogoari eutsiz. Berak ere ez zituen ulertzen nire marrazki tristeak, nire begirada goibelak. Nik banekien zergatik jaten nuen hain gutxi, zergatik etortzen nintzen eskolatik etxera hain azkar, inon gelditzeko gonbidapenik gabe. Nik banekien bizikletako gurpila ez zela bere kaxa husten, edo nortzuk jotzen zuten gure atariko txirrina, segidan kotxe atzean ezkutatzeko.

Badakit nola ziztatzen den kide inozo baten poza, nola eten landare alai baten bidea, nola makurtu alboko fruitua eguzkiak jo ez dezan. Badakit bai, zer ez dudan inoiz egin behar.

Bigarren hegaldi batean abiatu naiz, baina ez noa bakarrik, ondo babestuta baizik; zeru urdinak uxatu ditu hodei ilun eta zipotzak. Hegaldi librea da hau, arnas har daitekeena; algara gozoak oihartzunik gabe hedatzen direna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!