Lantokiko mediku azterketa egitera etorri eta itxarongelan nago. Bertan beste bost langile daude zain, ditxosozko abiadura handiko trena egiteko lanetan omen dabiltza. Furgoneta batean ekarri ditu nagusiak ziztu bizian, eta medikuari langileak ahal bezain azkar bidaltzeko eskatu dio.

Erizaina gerturatu zaigu paper bat emanez gutako bakoitzari, galdetegia betetzeko eskatu digu. Nire ondoan eserita dagoen mutil gazteari begira geratu naiz, eta hortxe ikusi dut papera eskuetan, jira eta bira, papera aurretik eta atzetik begiratu eta ezer idatzi gabe. Besteoi begira hasi da, bere sekretua deskubritu ez dugunaren itxaropenez. Ez daki irakurtzen, ez daki idazten. Eta segidan hasi naiz bere bizia imajinatzen, asmatzen… gaizki sentitu arte. Hau onartzeko prest dagoen jendartearen jarrera epela izan dut buruan. Hezkuntza sailburu guztiak madarikatu ditut segundu batean eta nik horren aurrean zer egiten dudan hausnartzen hasi naizenean, mediku andereak nire izena esan du.


Abiatzerakoan, irribarre eder bat eskaini dit mutilak. Medikuak aldiz, tentsioa altu xamar dudala esan dit.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!