Komunitatera igoa

Aiztondoko Gazte Asanbladaren oharra

EH Bildu Zizurkilek Kaxilda Gaztetxearen auzian izandako jarreren harira:

Komunikatu honen bitartez, Aiztondoko Gazte Asanbladako kideok duela bost hilabete kapitalaren atzaparretatik askatu genuen espazioaren harira, Zizurkilgo EH Bildu udal gobernuarekin izandako gorabeherak, eta hauek ezarri dizkiguten oztopo eta blokeoak salatzea dugu helburu.

Aiztondoko Gazte Asanblada duela urtebete sortu zen bailaran antzeman zitekeen mugimendu politiko faltari erantzunez. Lehenik eta behin, gure ildoa finkatu eta honen norantza marrazteko formakuntzarekin hasi ginen, eta behin oinarri sendo bat lortuta, gure proiektu zein jardunaren bidez azaleratuko zen ildoa materializatzeko espazio bat bilatzeari ekin genion.

Testuinguru honetan, Udalarekin kontaktuan jarri eta gure proiektua azaldu genien. Hauek gustuko zutela aitortu baziguten ere, hura gorpuztu ahal izateko espaziorik ez zutela adierazi ziguten. Guk espazio bat edo beste proposatu genizkien arren, horiek egun erabilera bat zutela argudiatu eta etorkizunean soilik udal bulego zaharrak eskaintzeko aukera izango zutela aditzera eman ziguten, ziurtasun eta bermerik gabe. Udal bulego zahar horiek ez ziren gure beharretara ezta gure proiektuen dimentsioetara egokitzen, gune oso txiki bat dela kontuan izanik. Gainera, kokapena ere ez da batere egokia, etxebizitzaz, eta hortaz, bizilagunez inguratuta baitago. Modu honetan, okupaziora jo genuen, gazte asanblada bezala gure jarduna aurrera eramateko geratzen zitzaigun aukera egokienera.

Hala ere, gure ildo politikoa plazaratzeko eta honen baitan jarduteko hainbat traba izan ditugula jakinarazi beharrean gaude. Hauek, gure jardun politikoa blokeatzera bideratuak izan dira, eta hori gutxi izanik, asanbladaren jarduna deslegitimizatu eta AGA-ko kideak infantilizatu eta kriminalizatzera. Hau horrela izanik, EH Bilduko udal gobernuak nahiz Ezker Abertzale ofizialeko hainbat kidek Aiztondoko Gazte Asanbladarekiko izan dituzten jarrerak salatu nahi ditugu:

  • EH Bilduko udal gobernuak hiruko negoziazio mahaiaren (jabeak, udala eta asanblada) prozesuan zehar borondate politiko falta ezkutatzeko asmoz jarri dizkigun aitzaki eta oztopoek (bilerak atzeratu, “largak eman”, bilera batetik bestera esaten edo bermatzen zutenaren baitako iritzia aldatu...) negoziazioa neketsua eta luzea bilakatu dute. Gainera, hauteskundeak burutu aurretik eta ondoren izan duten iritzi aldaketa eta hitzarmen haustura bistakoak izan dira. Borroka neketsu baten ostean diru laguntzak eskuratu ditugun arren, EH Bilduk hasiera batean negoziazio mahaian hitzartutako eta jabeekin desalojoa zein epaiketa ekiditeko ezinbestekoa zitzaigun nolabaiteko babesa ukatu dizkigu hauteskundeak igaro ostean. Hala nola, negoziazio mahai horretako azkenengo bilera udal gobernuak jabeekin bakarrik burutu zuen. Asanbladari elkarretaratze honen berri eman gabe eta bertan hitz egindakoaren informazioa ezkutatu dute. Une horretatik aurrera, jabeek jada ez dute AGA-ko kideokin inongo harremanik ezta hitzarmenik aurrera eraman nahi izan, horrela, hasiera batetik helburu genuen akordioa ezinezkoa bilakatu dute.
  • Difamazioa, asanbladako kideen eta asanbladaren benetako izaeraren inguruko gezurren zabalpena, ponenteak boikoteatzea, AGA-ren jarduna bailara mailan deslegitimizatzea, asanbladako zenbait kiderekin elkarretaratzeak deitzea hauek asanblada utz dezaten bultzatzeko... izan dira, besteak beste, Aiztondoko Gazte Asanblada zein honek elikatzen dirauen ildo politikoa itotzeko erabili dituzten mekanismoak. Hauek bere baitan, asanbladaren benetako jarduna zein irudia distortsionatu dituzte, AGA-ko kideen ezinegona eta atsekabea eragiteaz gain.

  • Bailaran EH Bilduren kontrolpeko gazte mugimendu berri bat sortzeko saiakera. “Gazteen egoeraz hausnartzeko” ideiaren aitzakipean, egun Zizurkilen agintean dagoen alderdi politikoak, asanbladako parte ez diren zenbait gazteri bilkura baterako deialdia egin zien pasaden hilabetean. Harritzekoa dirudi, ordea, “gazteen egoeraz hausnartzea” helburua zuen elkargunean Aiztondoko Gazte Asanbladako kideok gonbidatuak egon ez izana, Bailara mailan gazte mugimendu politikoaren espresio nabariena izanik. Azken finean, bilera horren helburu bakarra Kaxilda Gaztetxearen inguruko informazioa eskuratu, asanbladaren jardunaren inguruan espekulatu, beraien kontrolpeko gazte mugimendu bat eratu eta gazte hauek beraiekin kolaboratzera bideratzea zenaren jakitun gara. Argi dago, ordea, beraien saiakerek berriro ere porrot egin dutela.

 

 

Aiztondoko Gazte Asanbladako kideok argi dugu EH Bilduren estrategia politikoarekin bat ez gatozelako jaso ditugula halako traba zein erasoak. Izan ere, beraien jardunaren helburua gure asanblada eta elikatzen dihardugun ildo sozialista blokeatzea izan dira. Hala ere, ozen diogu ez dutela lortu eta ez dutela lortuko, gure jardun militantean sinistu eta berresten bait gara.

Bestetik, AGA-ko kideok EH Bildu zein Ezker Abertzale ofizialarekin ez dugula inongo konfrontaziorik bilatzen argi utzi nahi dugu. Guk gure estrategia politiko zein taktikoak babesten jarraitu nahi dugu, baina bidean zehar aurkitu ditugun blokeo zein oztopo horiez defendatzea besterik ez zaigu geratzen. Gure etsai den burgesiak haren boterea ez iraultzeko nahikoa traba zein blokeo ezartzen baitizkigu jada.

Gure babes guztia helarazi nahi diegu gure egoera berdina bizi duten gazte asanblada zein eragile orori. Azkenik, guri laguntzen eta indartzen aritu diren bailarako herritar, eskualdeko asanblada, eragile, zein gune autogestionatuen babes sarea bezala ezagutzen den Errakiri eskerrak ematea soilik ez zaigu geratzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!