Altzon da Korrika

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Kultura Batzordea 2024ko mar. 21a, 17:13

Korrika Txikia egin dute Imaz Bertsolaria Eskolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek gaur arratsaldean, bihar Bizkarsoro pelikula ikusiko dugu eta, etzi, 13:15etan, harrera egingo diogu Korrikari Altzoko lurretan sartzen denean  eta testigua eramango dugu, harro, berrobitarren eskuetan utzi bitartean.

Eguraldi ederrarekin, iragarritako orduan, 16:00etan, atera dira Imaz Bertsolaria Eskolatik Korrika Txikia egitera eta herriko plazaraino etorri dira, musika eta guzti bidea irekitzeko kotxea aurretik zutela, Gazteen Lokalekoek egindako pankarta eskuetan eta beren eskuekin eskolan egindako petoak jantzita. Poz-pozik iritsi dira plazara eta harrera goxoa egin diete bertan bildutako herritarrek. Gero, plazan, beren bertso-eskolan egun honetarako prestatutako bertsoak banatu dituzte eta denen artean kantatu ditugu. Festa bukatzeko, Korrikaren kantuaren koreografia polita eskeini digute. 

Bizkarsoro luzemetraia proiektatuko da bihar, ostirala, 19:30etan, Batzarremuino kulturunean. Euskararen galbideaz eta kontzientzia hartzeaz dihardu. Ipar Euskal Herriko edozein herri batean kokatu du gertaera Josu Martinezek, zuzendariak. Baina izan zitekeen Altzo. 

Eta larunbatean helduko da Korrika gurera. Harrera beroa egingo diogu: 13:00tarako elkartuko gara Altzo Azpin, Borda baserriaren ondoan, eta bide nagusia utzi eta Tolosaruntz bide-gorria hartzen duenean hartuko dute testigua Gazte-lokaleko bi lagunek eta aurrerago Udalaren zatia egiteko izendatuek. Helduen euskalduntzean ikasle zein irakasleek egiten dute ahaleginari omena ez ezik, ahalegin neketsu eta luzearen irudia eta isla ere bada Korrika. Nola ez gara ba harro egongo hori egin duten, egiten ari diren eta egingo duten guztiez! 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!