Euskara inposatu? inolaz ere ez!

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Larreta Bereziartua 2013ko aza. 8a, 09:02
Halaxe da, bai; ni ezagutzen nautenek besterik pentsa badezakete ere, ni ez naiz euskara inposatzearen aldekoa!!! Ez naiz inoiz horren aldekoa izan eta ez dut orain aldatzen hasteko batere asmorik, ez horixe!!! Izan ere, guztiz konbentzitzuta nago. Euskara inposatzea ez da etikoa, ez da morala, ez da txukuna, ez da onargarria, ez da legezkoa, ez da polita...

Aurreratu dudanez, aspalditxotik pentsatzen dut horrela, baina orain dela aste pare bat bizi izan nuen gertaera batek pentsamendu eta sinesmen horiek guztiak berritu eta berrindartu dizkit, eta Atariak eman didan plaza hau aprobetxatu nahi izan dut horiek zuen etxera, tabernara, ile-apaindegira, ikastetxera... ekartzeko.
Orain arte irakurritakoarekin, batek baino gehiagok pentsatuko zenuten honezkero: «Tipo hau zeharo jota dago! Nola pentsa eta esan dezake hain lasai, euskaraz bizi nahi dugunontzako pentsatutako proiektu komunikatibo batean, euskara inposatzearen kontra dagoela? Ez da batere koherentea!». Ba, esango dizuet, nahiz eta zuei batere koherentea iruditu ez, Pako Aristik iaz Berria egunkarian argitaratutako «Dilema baten aurrean» artikuluan idatzitakoak irakurri eta gero, seguruenera, iritziz aldatuko duzuela.
Orduko hartan, besteak beste, segidakoak idatzi zituen Aristik:
«Hemen bide luzea egin du euskara ez dela inposatu behar dion ideia txepel horrek, etsaiak sartu duena, noski, gure garunetan, eta geroztik kendu ezinik gabiltzana. Hizkuntza bat bere lurraldean hedatzea inoiz ez da inposizioa izango; inposizioa litzateke guk Madrilen euskara zabaldu nahi bagenu derrigor, legez eta isunez. Hizkuntza bat, bere lurraldean, ezarri egiten da, hedatu».
Eta? Zer diozue orain? Zuetako zein dago euskara inposatzearen alde? Eta bere lurralde osoan berrezartzearen edo hedatzearen alde? Has gaitezela, behingoz, gauza bakoitzari bere izenez deitzen!!! Idatzi honek horretan laguntzen badu, bejondeigula!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!