Gure maitasuna ez dago preso!

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Larreta Bereziartua 2014ko urt. 17a, 11:35
«Maite genituen gauzengatik erori ginen preso, baina gure maitasuna oraindik ez dago preso!». Halaxe dio Ken 7 taldearen abesti baten errepika edo estribilloak. Hitz aproposak oso Atariarako kolaborazioa idazten ari naizen honetan ditudan sentimenduak biltzeko, bai horixe! Izan ere, orain ordu bete eskas jakinarazi dit izeba Lurdesek polizia espainolak gure lehengusu Irati atxilotu duela.

Berez, euskara eta hezkuntza gaiei buruz idazteko «fitxatu» ninduten Atariako lagunek, baina gaurkoan, inori inolako baimenik-eta eskatu gabe, maitasunaz eta presoez arituko naiz, edota hobeto esanda, maite ditugun presoez.

Goian esan bezala, gaur, urtarrilak 9, Espainiako poliziak gure lehengusu Irati atxilotu du. Segiko kide izatea egotzita, 26/11 sumarioan auzipetuta dago Irati, baina beste hiru kiderekin batera desobedientzia zibilaren bidea hartu eta ez zen agertu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketara, eta ezkutuan zegoen. Aramaion atxilotu dute.

Tristea da oso esatea, baina, ni behinik behin, atxiloketak ez nau ezustean harrapatu, ez nau batere harritu, espero izatekoa zen. Gainera, azken egunotan ikusi ditugunak ikusita... Emozio eta sentimendu asko dabiltza nire baitan jira eta buelta: amorrazioa, tristura, etsipena, inpotentzia, ezinegona... Baina horien familia berekoa ez den beste sentimendu bati egin nahi nioke lekua: maitasunari.

Ez dakit hemendik iritsiko zaien, baina baldintzarik gabeko maitasuna helarazi nahi nieke, lehenik eta behin, Iratiri berari eta osaba Juan Mariri, biak ala biak atxilo. Eta, nola ez, baita aita-alabek bezainbat maitasun indar beharko duten Jokin, Ekain eta Lurdesi ere. Animo denoi!!! Eta, une latzotan, gogoan izan, gure zuenganako maitasuna ez dagoela eta ez dela inoiz preso egongo!!! Nahi/behar duzuenerako, badakizue non gauden. MAITE ZAITUZTEGU!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!