Irakasleon etengabeko formazioa (II)

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Larreta Bereziartua 2014ko api. 27a, 16:46

Irakasleoi gauza asko «gertatzen» zaizkigula esan genuen aurrekoan, alegia, lanean ari garenean, eguneroko harremanetan (ikasle-irakasle, irakasle-guraso, irakasle-irakasle, irakasle-zuzendaritza...) mugimendu emozional asko izaten ditugula. Bada, aurreko hartan bezalaxe, mugimendu emozional horietaz idatzi nahi nuke gaurkoan ere.

Mugimendu emozionalak, baina, ez zaizkigu guri, irakasleoi bakarrik gertatzen; guraso eta ikasleak ere ez dira «libratzen». Mugimendu emozional horiek ulertzeko eta kudeatzeko gero eta tresna eta baliabide gehiago ditugu. Urrutira gabe, gure ikastolan, Laskorainen, Adimen Emozionala da baliatzen dugunetako bat. Badira urte batzuk gure ikastolan ildo honi heldu genionetik, eta hezkuntza-komunitate guztira (ikastolako langile, guraso, ikasle...) zabaldua dugu, jada. Adimen Emozionalak, besteak beste, helburuok ditu: norbere emozioen kontzientzia hartzea, horiek erregulatzea eta gainerakoekin harreman osasuntsuak izatea. Helburu ederrak, bai, baina esatea errazagoa da...

Adimen Emozionalaz gain edo horren osagarri, bada eskoletan gero eta indar gehiago hartzen ari den beste lan-ildo bat ere: Pedagogia Sistemikoa. Honek dio, pertsonok sistemaren baten parte garela beti (eskola-sistema, familia-sistema...), eta sistema horiek oso kontuan hartu beharrekoak direla eta, bereziki, familia-sistema. Beraz, paradigma edo ildo «berri» honek proposatzen duena da, irakasleok familia-sistema, izan geurea propioa edo ikasleena, oso kontuan izan behar dugula, hau da, begi onez ikusi eta onartu egin behar ditugula familia-sistemak. Oso ongi! Oso polita! Baina nola demontre egiten da hori? Ea Atariako nire hurrengo zutabean erantzunen bat edo beste emateko gai naizen!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!