Mugimenduan

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2024ko api. 6a, 07:58
Aurtengo Korrikako irudia furgonetatik. AEK

Zenbat laguntzen digun egunerokotasunean paseotxo bat emateak. Buruko zurrunbiloa desagertzerainoko terapia izan liteke 20 minutuko bueltatxoa mendian edota naturan murgilduta tipi-tapa ibiltzea. Oxigenoaren aktibazioan, bihotzaren eta beste hainbat organo zein gorputzeko atalen aktibazioan laguntzen du.

Adineko pertsonek ere zenbat eskertzen duten egunerokotasunean bueltatxo bat ematea, gorputza mugimenduan jarri eta hezur zein giharrei eskatzen zaien esfortzu horrek bizirik mantentzen dutela eta indarberrituz egunerokotasunari aurre egiteko gai direla sentiarazteko.

Ura ere mugimenduan ez badago, lizundu, eutrofizatu eta estanko bihurtzen da. Mendiko arroiletako zein erreka zidorretako urek oxigeno kopurua izaten dute ezaugarri nagusi, glaziarrak eta mendi tontorretako elurra zein izotza urtzean lur azpiko erreka sarea hornitzen dute.

Erlauntzaren kanpoko mugimenduak ere pista handiak ematen dizkigu erlezainoi barruan gertatzen ari denaz. Erlearen pisuaren %30a ere izan lezake, atzeko hanketan garraiatzen duten lore hautsa, oraintxe txikoria belarren polen laranjak zein horiak dira erlauntzetako sarrerak margotzen dituztenak. Erlea bera ere margoturik dator udaberriko lore hautsez estalita.

Bada esaera bat: «Dabilen harriari goroldiorik ez»; mugimenduaren kontzeptua, bizia duenaren adierazle zein kontzeptualki oso bisuala izan daitekeena. Durangoko Azoka batean erosi nuen titulu hori jasotzen duen liburu bat duela hamar bat urte. Militantziaz eta horizontaltasunaz hausnarketa zabal bat aurkezten digu liburu honek. Militantzia ereduen inguruko eztabaida, tailer eta ikastaroen bidez egin dute bidea, lantaldean; horizontaltasunari buruzkoak, Euskal Herrian hamaika esperientzia baitugu honetan ere. Benetan gomendagarria, kolektibo ezberdinetan zein gizarte mailako beste hainbat alorretan lana egiteko, curriculumean ere txertatzeko modukoa esango nuke. Eztabaida eraikitzaile zein ezberdinen arteko kontsentsuetara iristeko erreminta funtsezkoak direla esango nuke, gaur egun gauden testuinguruan eta egoeran.

«Mugimenduarekin sortzen den energia zein aldaketarako alternatibak abian jarri eta bide berriak irekitzen laguntzen du edo gutxienez errazten du mugimenduak; konprobatuta daukat»

Mugimenduarekin sortzen den energia zein aldaketarako alternatibak abian jarri eta bide berriak irekitzen laguntzen du edo gutxienez errazten du mugimenduak; konprobatuta daukat.

Gaur Korrikako energiaz bete naiz, milaka lagun euskararen alde mugimenduan; 2.500 kilometro baino gehiago Euskal Herriko txoko guztietan barrena, hego, ipar, mendebalde zein ekialde, denak euskararen energia aseezina barreiatuz…

Segi dezala hurrengo egunetan, hilabeteetan, urteetan ere mugimendu horrek, ez bakarrik gure bihotzetan baizik gure ezpain zein ahoetako mugimenduan ere, euskaraz mintzo, hitz eginez, euskalkiak jarioz zein egunerokotasuneko bizitzara normaltasun osoz bizi ahal izateko Euskal Herriko txoko guztietan!

Harrokeriarik gabe, bai HARRO!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!