IX. Antton Pebet Oroimenezkoan, zehaztuta geratu dira finalerdiak

Erabiltzailearen aurpegia Behar Zana PE Pelota Elkartea 2021ko abe. 15a, 09:55

Pasa den ostiral eta igandean jokatu ziren final-laurdenak eta maila izugarria izateaz gain pilotalekuaren itxura ere aparta izan zen. Kontutan hartu behar da egin zituen euri jasek ez zutela lagundu jendea etxetik irteteko.

Hezetasuna ere ate joka izan dugu aste osoan zehar baina azkenean pilotalekua itxuraz egon dira.
 
Pasa den ostiralean jokatutako lehen partidan, Murua (Soraluze)-Aizpuru (Tolosa Aurrera) bikoak 22-6 irabazi zion Elizalde (Zugarralde)-Urruzola (Pagazpe) bikoari. Lehen partida honetan emaitzak ez du erakusten kantxan izan zen jokoa. Galtzaileek 6 tanto egiteko baina meritu gehiago egin zuten. Halere, Murua bergararra aurrelari onenen artean dago egun. Ia dena irabazten ari da eta gainera txinparta izugarriarekin. Defentsa ona du, joa eta errematea. Atzean, azken aldian oso ondo dabilen Aizpuru asteasuarra izan zuen. Bizkartzaina ongi aritzeak erraztu zion lana Muruari. Urruzola asteasuarra ez zen gaizki aritu, jo eta jo gogor aritu ziren baina azken pilotakada hori beti irabazleen eskura iristen zen. Ituren herriko Elizalde asko saiatu zen, erremate eder pare bat ere egin zituen baina ezinezkoa izan zen haientzat.
 
Bigarren partidan, Maiz (Behar Zana)-Elizegi (Tartaloetxe) bikoak 22-6 irabazi zioten Antso (Zugarralde)-Ibarloza (Markina) bikoteari. Bigarren partida emaitza berdina izanagatik bestelakoa izan zen. Maiz billabonatarrak eta Elizegik uste baina errazago irabazi zuten. Burlatako taldean dabilen Antsok huts asko egin zituen erasoan eta Ibarloza markinarrak pilotakada luzeak jo arren, galdu ere Elizegik baina gehiago egin zuen. Elizegi zaldibiarrak, Zegamako taldetik diharduenak, maila goreneko txapelketa ofizial guztiak irabazi ditu aurten. Egun dagoen atzelari onenetakoa da eta hutsegin gutxi eta pilota urruti jartzen ikasi du. Maizek defentsa txukun batekin eta errematean txokoan batez ere asmatuz, finalerdietara sailkatu dira.
 
Igandeko emaitzei begiratuz, lehenengo partidan Igoa (Oberena)-Arbizu (Irurtzun) bikoak 22-16 irabazi zion Unai Alberdi (Ilunpe)-Garmendia (Lapke) bikoari. Partida oso gogorra izan zen. Ordu eta laurdenetik gora aritu ziren pilotan. Alberdi azpeitiarra Baikorekin debuta egitera doa urtarrilean eta Aspen orain gutxi arte egondako Garmendiarekin jokatu zuen. Erremate bikainak egin zituzten baina txapa hotsa askotan entzun zuten galtzaileek, eta azken txanpan horren ondorioz irabazleek alde egin zieten markagailuan. Arbizu nafarra, azken VIII. Pebet memorialean txapeldun izan zena Maizekin, joko maila onean dagoela erakutsi zuen nahiz eta bezperan partida izateak bere golpe bizian eragina izan. Asperekin debuta egin zorian egon da eta bera edo Gaskue aukeratu behar horretan Gaskue nafarra aukeratu zuten. Iruñeko Oberena taldeko Igoak defentsan lan aparte egin zuen eta etorkizuneko pilotaria izan daitekeela erakutsi zuen.
 
Bigarren partidan, Uribe (Txukun Lakua)-Iztueta (Tolosa-Aurrera) bikoak 22-13 irabazi zioten Senar (Lapke)-Balerdi (Soraluze) bikoari. Bigarren partida ere ederra izan zen. Atzean alde batetik Balerdi, munduko txapelduna eta baita Antton Pebet memorialeko VII. edizioan egun Aspeko aurrelari den Salaberria goizuetarrarekin txapeldun izana, eta bestetik, etorkizuneko atzelaria izan daitekeen Martxel Iztueta tolosarra. 17 urte besterik ez, jubenil adinekoa dena, baina egun dauden atzelari onenen artean jokatzeko gai dena. Ordezko bezala sartu zen txapelketan bere lagun Uribe gasteiztarrarekin batera. Bikote ederra osatzen ari dira, batek duen gaztetasun eta freskotasunarekin eta bestearen defentsa eta joko erasokorrarekin. Uribek ezker bolea bikaina du eta tanto asko egin zituen horrela. Iztuetak jo, Balerdiri eutsi eta gutxi galdu zuen. Balerdik partida handia egin zuen ere, pilota gutxi galduz. Azkenik Senar Lazkaoko taldean dabilenak gantxo eta erremate apartak egin zituen, baina ez zuten irabazteko adina egin.
 
Hori horrela, final erdiak ostiral honetan, abenduaren 17an, 19:00etan jokatuko dira. Murua-Aizpuru eta Maiz-Elizegi, batetik, eta Igoa-Arbizu eta Uribe-Iztueta, bestetik, ariko dira. Finalak 2022ko urtarrilaren 2an jokatuko da.
 
Argazkietan, finalerdietara pasa diren bikoteak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!