«Patroi izateak bidea ireki dit»

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2022ko uzt. 21a, 11:22
JAIZKI FONTANEDA / @FOKU / BERRIA.EUS

Tolosaldea estreinakoz ari da lehiatzen Euskotren ligan, baita Sorozabal taldeko lemazain gaztea ere. Gorengo mailako profesionaltasunak eta arraunak berak mugitzen duen oldeak harritu du gehien Orexakoa.

Azken egunotako bero oldea atzean utzita, lanbro itxi-itxiak esnatu du Orexa (Gipuzkoa), isilik. Itsas mailatik 420 metrora egon arren, Aiora Sorozabalek (Orexa, 2002) sarri eramaten du kresalaren arrastoa haren eta Orixe euskal idazlea zenaren jaioterrira; Tolosaldeko patroia baita. Herriko ostatu eraberrituan jarri du solasaldirako ordua. «Hemen egiten dut lan». Ruper Ordorikaren Martin Larralde abestia atzetik entzuten dela hasi da galderak erantzuten, luze eta zabal, elastiko urdina soinean duela.

Orexako bat, patroi?

Mendiz inguratutako herri batean bizi naizela eta, bitxia da. Mendi tontorretik itsasora.

Herritarrek zer esaten dizute?

Herrian babes handia daukat, eta haiei ere ilusio handia egiten die herriko bat traineru batean patroi joateak. Telebistaz ikusten dituzte estropadak, eta kalean tarteka gelditzen naute.

Nolatan heldu zinen arraun luzea hartzera?

12 urte nituen, eta, lagun batek bultzatuta, udan, Tolosaldeko arraun elkarteak antolatutako ikastaro batean eman nuen izena. Arraunean hasi, eta gustatu. Handik lau urtera, patroi gisa probatzeko gogoa sartu zitzaidan barruraino. Saltsan egotea gustatzen zait. Orduko entrenatzaileak aukera eman zidan, eta, kate bat bestearekin lotuz, duela bost urtetik Tolosaldea taldeko traineruko patroia naiz.

Lemazaina izateak zer eman dizu?

Bidea ireki dit, eta, alde horretatik, zorte handia izan dut; oso zaila baita behetik hasi eta gorengo mailara heltzea. Arraun munduan, patroi oso gutxi daude, eta asko kostatzen da bat topatzea. Taldeak bat hartzen duenean, patroiak lotura handia izaten du. Nire kasuan ere, halaxe izan da.

Baduzu ereduren bat?

Hasieran, bateletan aritzen ginenean Nerea Perez [Donostiarrako patroia] izan nuen eredu; hark bultzatu baininduen arraunera. Azken urteetan, Ander Etxegoien [Orioko lemazaina] izan dut. San Pedron aritzen zenean, batera entrenatzen ginen. Askotan sartzen zen gure trainerura, eta aholkuak ematen zizkidan, ziabogetan edota itsasoan trainerua ondo eramaten jakiteko. Gainera, presio eta tentsio guztiak lasaitzeko asko laguntzen zidan. Patroi batek beste patroi bati gehiago ulertzen dio arraunlari bati baino.

 

Jarraitu irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!