Larunbatean euskatzaleok Tolosara!

Billabonako EHEtik billabonatar eta Aiztondoko euskaltzale guztiei deia luzatu nahi diegu larunbat honetan Tolosan ospatuko den Udalerri Euskaldunen Egunean parte har dezaten.

Eskualdeko euskaldun eta euskaltzaleok zita garrantzitsua dugu larunbatean Tolosan.

Urte luzetan lan handia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) euskaldunen portzentaia handiak dituzten herrietako Udal Administrazioa eta bere lana euskalduntzen. Gainera Euskal Herriko lurralde ezberdinetako udalak herremanetan jarri, eta udalek zein herriek euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren neurriak partekatu eta martxan jarri dituzte. Gure ustez, urteetan luzatu den lan hau oso garrantzitsua da etorkizunean eraiki nahi dugun Euskal Herri euskaldun hori gaurdanik eraikitzeko aukera agerian uzten duelako, eta borondatea badago, posible dela ikustarazi digulako.

Kezkagarria iruditzen zaigu gure eskualdeko herritar askok, oraindik UEMA zer den eta zein lan egiten duen ez ezagutzea, eta horregatik oso aukera polita da ahalik eta herritar gehien larunbatean Tolosara gerturatzea eta lehen eskutik ezagutzeko aukera izatea.

Udalerri Euskaldunen Egunaren helburu nagusia, Udalerri euskaldun hauek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua lau haizetara zabaltzea da. Euskal Herrian Euskarazeko kideoi, ezinbestekoa iruditzen zaigu herritarrak nagusiki euskaraz bizi diren herri hauek, euskararen etorkizunean eta normalizazioan duten funtsezko paper hori ezagutzea.

Euskararen arnasguneak diren udalerri hauek gero eta gehiago izan daitezen nahi dugu, eta dauden arnasguneak babestu eta mantendu nahi ditugu, gai honetan arretarik jartzen ez badugu euskaraz bizi diren espazio eta gune hauek galtzeko arriskua ere hor baitago oraindik. 

“Eltzetik eta altzotik euskaraz gara” izango da udalerri euskaldunen egunerako leloa. Euskaraz alaiago, osasuntsuago eta erakargarriago garela erakutsi nahi diogu geure buruari eta munduari.

Billabonako EHEtik deialdi berezia egin nahi dugu egunean zehar antolatu diren ekitaldietan parte hartzeaz gain, 12:30etan Tolosako Plaza Zaharrean egingo den ekitaldira joateko.

EUSKARAZ GARA!!! LARUNBATEAN DENOK TOLOSARA!

Billabonako Euskal Herrian Euskaraz.

Billabonan, 2014ko ekainaren 11n.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!