Urkijo, utz gaitzazu bakean!

Urkijo espainiar Estatuko ordezkariak hilabete ugari daramatza hainbat Udalek euskararen sustapenerako hartutako erabakiei salaketak jartzen. Tolosaldean Anoeta, Berastegi, Tolosa, Alegia eta Tolosako udalek jaso dute Urkijoren mehatxua eta salaketa.

UEMAn sartzea, udaleko aktak euskaraz egitea, zerbitzuen kontratazio publikoetan euskara kontuan hartzea, euskara sustatzeko planak adostea... salagarriak diren "delituak" dira Estatuaren ordezkari honentzat.

EHEtik gogor salatu nahi dugu Urkijok aurrera daraman euskararen kontrako jardun lotsagarri hau eta helegitea edo salaketa jaso duten udalei, gure babes osoa eskaini nahi diegu.Bestalde, eraso sistematiko honen aurrean, herritarrak informatu eta herri erantzun sendo bat antolatzearen beharra ikusten dugu.

Ezin dugu ezer gertatuko ez balitz bezala geldirik egon, eta are gutxiago, erasoak ezkutatzen edo garrantzia kentzen aritu. Euskararen aldeko lanean gabiltzan norbanako, eragile eta elkarteak batu, eta kalean era ikusgarri batean, Urkijori aski da! utzi bakean! ozen eta tinko esan behar diogu.

Gure hizkuntza erasotzen duen Estatu honek, bere alde ditu legeak eta argi geratu da egungo legediarekin eta EAEn dugun euskararen sasi-ofizialtasunarekin ezin ditugula gure herriak berreuskalduntzeko neurri eraginkorrak martxan jarri. Sasi-ofizialtasun honekin, administrazio publikoen jardunean euskara gaztelaniarekin batera soilik onartzen da eta noski, gaztelania hutsez jardutea, zilegi eta legala da. Kontuan eduki behar dugu Espainiar Konstituzioak gaztelaniaren ezagutza derrigortzen digula guztioi.

Egoera honen aurrean EHEtik gure herriak (euskararen herriak) bere Hizkuntza Politika era burujabean (kanpo esku hartzerik gabe) garatzeko duen eskubidea aldarrikatu nahi dugu. Guk bertatik bertara erabaki behar dugu euskararen normalizazioa nola lortu nahi dugun. Horretarako hizkuntzaren estatus egokia (benetako ofizialtasuna Euskal Herri osoan), Hizkuntza Politika eraginkorra eta herri bultzada beharrezkoak izango dira. Goazen bada dagokiguna aldarrikatzera eta Estatuak jartzen dizkigun mugak eta oztopoak gainditzera!

Bitartean gau eta egun EUSKARAZ BIZI!

Billabonako EHE. 2015eko urtarrila.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!