Zorionak Amaia! Ongi etorri Pello!

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2013ko aza. 22a, 09:00
Ni ere BECerako sarrerarik gabe geratu den horietako bat naiz. A ze sorpresa finalerako sarrera guztiak hilabete lehenago agortu zirela jakitean. Izango da egungo bertsolaritzari buruzko analisi eta azterketa jantzia eta mamitsua egingo duenik. Nik, besterik gabe, eta bertsozale bezala esango nuke bertsolariengan islatuta ikusten ditudala gure eguneroko pena eta bizipozak eta horrek erakartzen nauela.

Etxeko haurrak lo hartzeko pasilloko argia piztuta behar izaten duela oroitarazten dizunekoa, esaterako. Erakusleiho funtzioa ere izaten du bertsolaritzak askotan, ez bakarrik bertsolarientzat eurentzat, baita edukiari dagokionean ezkutuan edo gehiegi nabarmendu gabe igarotzen diren errealitate hainbat azaleratzen dituen heinean ere.
Irudi bat giltzatuta geratu zait. Erditu ez den amaren irudia, Amaia Agirrerena. Bera ez da erditu baina ama da, erditu den beste ama baten bikotea da, bi ama izango dituen haurraren ama, alegia, bikote lesbiana baten haurra dela jaioberria. Hau da saltsa, esango du baten batek! Eta bai, izan ere, tripa handidun ama horietaz aparte badira beste ama batzuk ere. Nahiz eta gure inguruko hiztegietan oraindik ez duten lekurik. «Madre = mujer que ha parido algún hijo» topatzea oraindik ez baita aluzinazioa.
Baina hiztegiez haragoko errealitate hori begi bistan jartzeko balio izan du oraingoan ere bertsolaritzak. Nik uste hori izan dela azken urteetan bertsolaritzak izan duen bilakaeraren ikur nagusietako bat, aniztasuna. Purua ahoan eta koadrodun alkandora soinean zeramaten gizaseme haietatik minigona eta takoidun zapatak daramatzaten emakumeetaraino zabaldu dela bertsoaren abanikoa. Orain hogeita bost urte bertso saio bat ikusi eta orain, a ze aldea. Pello Odriozolari galdetu behar...besarkada bat bidali nahi diot bide batez, etxera iritsi berri den tolosarrari. Eta parentesi hau eginda datu bat bota nahiko nuke. Aurtengo Bertso Txapelketako saio guztietan egon da emakume bertsolari bat bederen. Gero eta gehiago dira bidean topatutako traba, tentsio, deserosotasunei aurre egin eta euren bide propioa egin nahian eremu publikorako jauzia ematen duten emakumeak, bejondeiela!
Orain lau urte txapela Maialen Lujanbioren buru gainean ikustea esanahi handiko irudia izan zen. Ea aurtengoak zer ekartzen digun. Etxeko egongelatik ikustea egokitu bazaigu ere, gertutik jarraituko dugu.
Bide batez, zorionak Amaia eta ongi etorri Pello!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!