Gezurrak eta mezuak

Hipokresia eta gezurraren egunak direla honakoak pentsatu eta esango dute askok. Gurean herritar askok negu honetan berogailua piztu ezingo duten bitartean argi indarra %11,5era igo nahi digute, eta etxe askotan janaria kiloka sobratu eta botako den bitartean beste batzuk, gero eta gehiago, soberakin horietatik elikatuko dira gauez zaborra ontzietara gerturatuta. Hipokresia eta gezur horren isla akaso Gabon giro honetan lau haizetara zabaltzen diren mezuak, agintarien ahotan bereziki. Yolanda Barcinaren Gabon postala ikusi besterik ez dago. Nelson Mandelaren esaldia hartuta, «La grandeza de la vida no consiste en no caer nunca, sino en levantarse cada vez que caemos». 24 ordu baino ez ziren pasa Mandela ehortzi eta Barcina postalak banatzen hasi zenerako. Zer pentsatuko ote luke hainbestetan zutitu ostean jada gehiago zutitu ezinik geratu denak eskuina bere ahotik hitz egiten ikustean?

Gezurra eta gezur legitimatua. Olentzeroren istorioa hala ikusten duela adierazi dio berriz, lagun bati emakume marokoar musulman batek. Olentzero figura laikoa izanda beste erlijio batetik etorritakoek ere ospatu zezaketelakoan ea hala egiten zuten galdetu eta hauxe jaso zuen erantzuna: Olentzero ez zuela gustuko haurrei gezurra esaten zitzaielako eta gezur hori ilusioarekin estali eta gezur legitimatua bilakatzen zelako. Azken finean, gurasoei ilusioa ematen diena umeek gezur bat sinestea dela zion emakume honek. Izan Olentzero ikazkin eta zarpaila, izan Olentzero Santa Klaustu estilizatua edo izan Queer Olentzero. Guztiak gezur legitimatuaren sinbolo.

 

Eta amaitzeko, hutsuneak hutsuneago bilakatzen diren egunotan, sorterritik urrun daudenak ekarri nahiko nituzke gogora. Arrazoi desberdinak tarteko, eta tartean ere gezurra maiz, Euskal Herria atzean utzi behar izan duten herritarrak eta ehunka eta milaka kilometrotara daudenak, edota Euskal Herrian bizi baina euren sorterria urrun duten euskal herritarrak (gezurraren biktima gehienak), “etorkinak” bezala ezagunagoak. 

 

Eta bide batez, besarkada bat bidali nahiko nieke etxe guztietako sukaldeetan lanean ariko diren emakume guztiei! Ondo bukatu eta hobeto hasi!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!