Denbora urrea da

Denbora urrea da. Eta batez ere oporretan. Ezin da segundo bakar bat ere galdu: lekuak bisitatu, kanpoak jan, parranda egin, hondartzara joan, e.a. egin BEHAR da.

Bada, ni aurten ez naiz etxetik atera. Apenas afaldu dut lagunekin, ez ditut EHko txoko berriak ezagutu, ez dut jende berria ezagutu, ez naiz parrandan atera, e.a. Hori al da oporretarako plana? Galdetuko du batek baino gehiagok. Bada, nire iritziz, bai!!!

Lehenik eta behin norberak nola dagoen jakin behar du. Zein da norbere gogo eta gorputz-egoera? Prest al nago kalera ateratzeko? Denbora aprobetxatzeko modu bakarrak, mendia, terrazak, hondartza eta kontzertuak al dira? Hori inposatu nahi al didazue?

Afaria prestatzen ari nintzen iluntze askotan erasotu naute kontzientzia-kolektiboaren mamuek. Mamu horiek lagunen bati deitu eta afaltzeko zioten. Baina, eta ezin badut? Edo, eta nahi ez badut? Zer? Gaizki sentitu behar dut sentitzen dudana sentitzen dudalako? Ez horixe!!!

Lehenik eta behin naizena onartu behar dut eta aurtengo udan ez naiz ikertzailea izan, ez neukan mundua jateko gogorik, egon egin nahi nuen, ez besterik. Aurten, felix hausnartzailea agertu da, ez ikertzailea. Baina, berriro ere mamuak! Eta mamuek zioten, lanean hastean damutuko nintzela uda aprobetxatu ez izanaz!

Utikan beldurrak eta mamuak!

Badakit zuetako askori pasako zitzaiola niri gertatu zaidan berdina. Edo ezin zuelako, edo nahi ez zuelako. Egia da denbora urrea dela. Baina, urreaz disfrutatzeko mila modu daude, ez bat eta ez bi, mila.

Horregatik diotsut, ez sentitu gaizki. Egin behar zenuena egin duzu, ez besterik! Barrenak eskatu dizuna egin baituzu! Eta ez dago sentitzen duzuna egitea baino gauza hoberik. Errebelatu gaitezen etxean geratu garenak, inposatutako oporren kontra!!! Bai horixe!!!

Lan-urte zoriontsua denoi!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!