Ez dakit nola ligatu

Emakumeen Egunaren biharamunean, sarritan izaten dudan kezka batekin natorkizue.

Ohikoak dira emakumeen aurkako jazarpenak eta horrek, emakumea kaletik beldurtuta ibiltzea dakar. Emakumeak gizonezko bat ikusi eta ez daki erasotua izan daitekeen ala ez. Tristea da, baina horrelako testigantzak entzuten ditugu. Emakumeek sentitzen duten beldurraz kontziente, ez dut asmatzen beraiengana sarritan nola gerturatu, batez ere, neska hori gustuko dudanean.

Nola hasi konbertsazioa autobusean bakarrik doan emakume batekin, bera ahula sentitzeko beldurrik gabe? Nola hasi parrandan hizketan tabernaren bestaldean dauden emakumeekin, babosoa izan gabe? Nola adierazi lehen unetik, niri lasai ezetz esan diezadakeela eta ez zaiola ezer gertatuko ezetz esateagatik? Nola gerturatu neska batengana mutila izanda, bera beldurtu gabe?

Aitortu behar dut, fisikoki erakartzen nauten neskekin gertatzen zaidala soilik. Nolabait esateko, nire barruan pizten den suaz kontziente naizenean, suaren berri eman nahi izaten diot baina, suak erre ere egiten du. Nire sua kontrolatua da (nik dakidala behintzat) baina, besteak ez daki hori eta hor blokeatu egiten naiz.

Beraz, paradoxikoa dirudien arren, gizarte matxista honek gizonoi ere kalte egiten digu (ez alor horretan bakarrik baina, gaur hor zentratu naiz). Gizarte honen egitura hau ez da emakumeen arazoa bakarrik eta gizonok ere gure jarrerak eta gure irudia birplanteatzeko garaia dugu.

«Gizonezko bezala hautsi nahi det gure kaiola» (Glaukoma: Gure kaiola).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!