Altzoko erraldoi maputxea

HIGA topaketetako une bat. IMANOL ARTOLA

Elkarren esperientziak partekatzen eta elkarren bizipenak entzuten askoz gehiago ari gara ikasten, tailerretan baino. Halere, gaur orain arteko tailerretan zentratuko naiz.

Asteartean hizkuntza politika orokorrari buruz hitz egin genuen eta atzo praktikara jo genuen. Batez ere, TELP tailerretan, gure hizkuntza eskubideei erosotasunez nola eutsi irakatsi zigun Gemma Sanginesek. Zure hizkuntza besteari inposa diezaiokezu, edo bestearen hizkuntzara makurtu zaitezke. Baina ez dira ba jarrera egokienak. Aldiz, euskaraz hitz egin genezake lasai, besteak ulertzen ez duela jakinarazten digun arte. Gure eskubidea da eta horren jabe egin behar dugu. Gure burua kapazitatu behar dugu eta ez lotsarik eta erru sentsaziorik izan; ingelesak mundutik bezala, gu gure herritik (Euskal Herritik) konplexurik gabe ibil gaitezen.

Ondoren, arratsaldean, maputxeen berri izan genuen. Garabide Elkarteak egindako dokumental bat ikusi genuen. Txileko Estatuak ez die babesik ematen, eta ematen dien babes bakarra folklorizatzeko da. Hiztun komunitatea hilzorian mantendu nahi dute. Altzoko erraldoiaren bizitzaz gogoratu naiz:

Begira, hesiaren bestaldean maputxeak daude, komunitate minoritario eta primitibo bat. Nekazaritzara dedikatzen dira eta beraien hizkuntza mantentzen dute. Orain kaixo esango digute beraien hizkuntzan.

Folklorea entzuten dudanean zirkua datorkit gogora eta zer nahi duzue esatea, ez da bada hizkuntza komunitate batean bizitzeko modurik onena. Turistentzako erreklamo izateko, hizkuntza komunitate bat agonian bizitzen izatea eta bertako gazteek unibertsitatera joateko beraien hizkuntzari uko egin behar izatea, ez dira ba gobernari on baten jarrerak.

Iparraldeaz gogoratu nintzen, bertako horma zuri, teilatu gorri eta leiho berdeez. Maskaradez. Han ikastolak dituzte. Maputxeek ez.

Eta berriz, gure txarrean, zorteko garela gogoratu dut. Gure zonaldean hizkuntza gutxitua nagusi da. Euskara ez dugu sateliteok ikasten; denok ikasten dugu. Bada, munduko hizkuntza gutxitu askotako egoera, ez da gurea.

Irribarrez beraz, ohera noa. Nahiz eta hiru ordu barru esnatu behar izan.

Muxu eta estutu mordoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!