Jokin Altuna fenomenoaz

Jokin Altuna fenomenoa da. Bi zentzutan: Jokin bera fenomeno bat da kantxan eta «Jokin Altuna fenomenoa» bizi dugu Amezketan.

Hain da handia egiten ari dena, Amezketako frontoi eraberrituaren inaugurazioan omenaldi bat egingo zaiola. Omenaldia herriko 22 urteko gazteari, alajaina! Berriro herria eta herritarrak batuta ikusiko ditugu «Jokin Altuna lalalalalala» kantatuz, amezketar izatearen harrotasuna erakutsiz. Horixe da bizitzen ari garen «Jokin fenomenoa».

Irudia ederra da! Eta tarteka behar ditugu horrelakoak, bai horixe! Baina, irudiaren atzean egon daitekeenak kezkatzen nau. Zergatik egingo zaio Jokin Altunari omenaldia: Jokin Altunak merezi duelako edo herritarrok behar dugulako?

Nik uste bigarrenetik gehiago duela. Pertsonak behar du zerbaitez harrotu, naturala da, gizatiarra. Baina, harrotzeko motiboa norberarena izan daiteke edo kolektibo batena. Eta kasu honetan ez da ez bata eta ez bestea. Pertsona baten lorpena bilakatzen dugu lorpen kolektibo.

Eta modu horretan lorpenari behar baino dimentsio handiagoa ematen zaio eta hatzik mugitu ez dutenek bestearen garaipena, norbere garaipentzat hartzen dute. Berdina gertatzen da arraun herriekin, Realarekin, Landarekin edo Bertsolari Txapelketarekin.

Pertsonak lehenik eta behin bere egiteengatik baloratu behar du bere burua eta gero datoz gerokoak. Ezin du pertsona batek bere zoriontasuna beste baten bizkar utzi. Eta berdin, udal batek herritarrari bere lorpenagatik zorionak eman behar dizkio, baina ezin dira herritar horrekin zuloak estali (ez diot Amezketako udalak egin duenik).

Omenaldian bertan egongo naiz eta nik ere egingo dut oihu eta baliteke egun horretan «Altuna III» bizkarrean jartzea, baina gauza batzuk, gehiegira joan aurretik argitzea komeni dela uste dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!