Alegiako karmenak 2015

Alegiako Txapelketak banatu ditu txapelak

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2015ko uzt. 19a, 13:40
Argazkiak: Patxi Renobales

Intxurre Pilota Elkarteak asteburu bete-betea izan zuen joan denekoa. Alegiako Txapelketako finalak jokatu ziren larunbatean 18:00etatik aurrera Alegiako Elorrin eta Iñaki Artola etxean jokatzen ikusteko zoria izan genuen. Irazustabarrena, bitartean, Kaiolako jubenil mailako finala jokatzen ari zen Zornotzan.

Trumoi giroa eta sargori kanpoan eta bero, oso bero, Elorri frontoi barruan. Hala jokatu ziren 2015eko Alegiko Txapelketako finalak eta profesionalen partida. Frontoiko harmailak bete-bete zirela pilota-giro polita bizitu genuen.

 Kadete mailan, Jon Alberdi eta Ander Zubeldia txapeldun partida erosoan

Iker Arandiak goizean min hartu eta Julen Oiarbide alegiarrak jokatu zuen bere tokian Oier Zubeldia amezketarrarekin. Lehen sakea gorriz jokatu zuen Alberdik atera zuen eta hasiera-hasieratik erakusten hasi zen bere nagusitasuna. Oier Zubeldiak ez zuen partida osoan atzelari altzotarra mendean hartzea lortu eta, gauzak horrela, Alberdi nahikoa eroso aritu zen partidu osoan: maila bikaineko pilotaria izaki, baldintza haietan zer esanik ez. Azkenean, estuasunik pasa gabe, 22-8 gailendu ziren azpeitiarra eta Ander Zubeldia ordu erdi eskas iraun zuen finalean. Merezi du aipamen txiki bat Anderren jokoak: ikaragarri hobetu du aurten.

 Nagusi mailan, Labaka-Telletxea nagusi partida lehiatu eta gogorrean

Arteaga-Erasun 22 eta 17 hartu zituzten mendean ordubetetik gora luzatu zen partidan. Hartu zuten berotu latza! Hasieran markagailuan tarte dezentea hartu zuten irabazle izango zienek (10-3). Arteaga-Erasunek ordea, beren jokoa eginez, 10ean berdintzea iritsi ziren. Hortik aurrera tanto gogor eta eder frango ikusteko aukera izan genuen.

Beroa frontoian, partida luzatzen, tanto borrokatuak eta ondo jokatuak asko, eta 16na. Pilotariak izerditan blai, litro eta erdiko bost botil ur ustu zituzten, eta hasieran bezala: berdin!

Bazirudien fisikoki osoago iristen ari zirela gazteak, Arteaga-Erasun. Baina, hemen, finalaurrekoetan ikusi genuen Eneko Labaka azaldu zen: bikotekoa ardura hartu eta lauzpabost tanto ikusgarri jokatu eta egin zituen bata bestearen atzetik. Hamazazpigarrena egin eta sakearen esperantzari heldu zion lasarte eta zizurkilko bikoak. Azkenekoa baina, Enekok egin zuen zabalen pilota zail bat harrapatu eta itxu-itxuan jota eskuin marraren ondo-ondoan luzatuz. Tanto, 22 eta17,  Labaka eta Telletxea albizturtarrak txapeldun. Harmailan bilduek txalo zaparrada handiarekin eskertu zuten lau pilotarien ahalegina.

Artolak Larunberekin ezin menderatu Arretxe eta Begino

Ez zen gogoan hartzeko partida izan. Artola alegiarrak ikuskizuna eman nahi zuen jaioterrian, baina oso une gutxitan lortu zuen. Bezperen partida izan zuen Arrigorriagan, irabazi egin zuena, eta behar bada horregatik, behar bada agineko arazoengatik antibiotikok hartzen aritu zelako astean, behar bada egiten zuen beroagatik edo, seguru samar, hiru gauzen baturagatik, partida aurreratu ahala txispa galtzen joan zen.

Dena dela, merezi izan zuen partida ikusteak.  Iñaki gogotsu hasi zen eta seguru-seguru Larunbe; Begino, berriz, larri eta huts dezente eginez, eta Arretxe ahal zuena eginez. Horrela, aise jarri ziren aurretik "etxekoak", eta bazirudien Arretxen sasoia ez zela nahikoa izango partida aurrera ateratzeko. Baina ... Begino asentatu zen, Artola-Larunbe indarra galtzen hasi ziren eta Arretxek, partidako onenak, gauza miregarriaririk egin gabe, bere aldera eraman zuen partida: 22-19. Gustura joan ziren nafarrak. Beginok familiak, gainera, bi poz erama zituen: senarrak irabazitako partidarena eta emazteari egokitutako Intxurrek zozketatutako saskitxoarena.

Irazutabarrenak ezin jantzi Zornotzako Kaiolako txapela jubeniletan

Txapelketa bikaina egin du Aratz Irazustabarrena alegiarrak. Larunbateko finalean, ordea, ez zuen Petite errioxarra menderatzea lortu. Saketik egin zion min handia errioxarrak. Hor bilatu zion ahul-puntua Aratzi, eta bederatzi tanto egin zizkion saketik, gehitxo! Horixe izan zen aldea, bederatzi daude-eta 13tik 22ra. Sakea errestatuta, piloteoan, argi erakutsi zuen alegiarrak kategoriako onenen aurka aritzeko moduan dagoela; baina final bat irabazteko denean aritu behar da ondo. Bi pilotariak beren jokoari etekina ateratzen saiatu ziren: sakea, eskuin bolea eta joko azkarra errioxarrak; bote jokoa, eskuin zartada bizia eta luzea, eta zuloa ikusitakoa ñakua zabalera edo txokora Irazustabarrenak. Lehenak gehiagotan asmatu zuen berean. eta hala erakutsi zuen gero markagailuak: 22-13, errioxarra txapeldun! Sakeari eusten eta bere ohiko jokaldiak egiterakoan zehaztasun gehiago izan balu Irazustabarrenak, beste zer edo zertaz ariko ginen ziurrasko. Balego eta balitz ... badakizue. Dena dela, Aratz, zorionak!! Erakutsi duk goi-goiko mailan aritzeko hagoela. Animo!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!