Urtea bukatzeko, Gipuzkoako Elkarte arteko Txapelketako finalak

Larunbatean, Gipuzkoako Pilota Txapelketako bi finaletan izango ditugu Intxurreko pilotariak: Iker Zubeldiak, buruz buru, lauan barruko 2. urteko infantiletakoa jokatu du, eta Maite Tolosa eta Irantzu Zubeldiak, paletan, jubenil mailakoa.

Iker Zubeldia altzotarra, Añorgan

Alebin eta Infantil mailako Finalak Donostiako Añorgako frontoian jokatuko dira, 16:00etan hasita. Hirugarren partida jokatuko du Ikerrek, eta Alberdi azpeitiarra izango du aurkari. Oso txapelketa ona egin du altzotarrak eta finalaurrekoetan izugarrizko ezustekoa eman zuen Garzcia urretxuarrari irabazita. Finalean oso aurkari zaila du eta Alberdi aterako da faborito, baina ea Ikerrek daukan jokoaldi on hau baliatzeko zoria duen.

Maite Tolosa eta Irantzu Zubeldia, Atano III.enean

Gipuzkoako Emakumeen Jubenil mailako paleta txapelketako finala Donostiako Atano III. frontoian jokatuko da. Jaialdia 17:00etan hasiko da. Maite Tolosa amezketarrak eta Irantzu Zubeldia altzotarrak Suberri Pilota Elkarteko Galdos oiartzuarra eta Larrarte bidania-goiaztarra izango dituzte aurkari. Joan den urtean tanto batez ez zuten lortu txapela jazterik gure neskak. Partidarik ez dute galdu orain arte txapelketa honetan, baina bi bikote hauek ez dute elkarren aurka jokatu eta ez dugu erreferentziarik.

Partida honen ondoren, jaialdi berean X.Emakumea Pilotari Txapelketako finalak jokatuko dira. Lehenik, lehen mailakoan, Irazustabarrena-Eizmendi eta Araiztegi-Maiza, asteasuarra hau, izago dituzte aurkari. Segidan, jaialdiko azkena jokatuz, bigarren mailakoak lehiatuko dira: San Sebastian (Zizurkil)-Gabirondo eta Indo-Arrillaga.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!