Han-hemen, finalak jokatzen

Erabiltzailearen aurpegia Intxurre Pelota Elkartea 2024ko mar. 20a, 10:53

Irabazi egin zuten Maialen Elolak eta Gailur Elduaienek joan den asteburuan. Beste hiru finaletan ikusiko ditugu Intxurreko pilotariak asteburu honetan. Ostiral arratsean, 19:00etan hasita, izango dira guztiak: Alegian bi eta Zaldibian hirugarrena.

Altzako frontoian jokatu ziren infantil mailako gomazko paletako Udaberri txapelketa eta Gipuzkoko txapelketako finalak. Udaberriko finala jokatu zuten Maialen Elolak eta Gailur Elduaienek. Altzatarra pilota elkarteko Hugo Torrecilla eta Aratz Diaz de Mendibil izan zituzten aurkariak. Partida ezin estuagoa izan zen eta, 30-29 irabazita, Intxurreko pilotari altzotarrentzat izan ziren irabazleen dominak eta garaikurrak.

Beste hiru final jokatuko dituzte asteburu honetan gure pilotariak. Alegiko Elorri pilotalekuan jokatuko dira horietako bi, ostiralean, 19:00etan hasita. Lehen partida, alebinen lehen mailako Gipuzkoako Txapelketako ekialdeko finala jokatuko dute Intxurreko Aitor Mujikak eta Manex Luluagak, Beharzanako Barriola eta Artolaren aurka. Bigarren partiduan, Udaberri txapelketako jubenilen lehen mailako finala jokatuko da; bertan Intxurreko Unax Madinak Unai Otaegirekin jokatuko Beharzana ordezkatuz, eta Oiarpe taldeko Goñi eta Lasa oiartzuarrak izango dituzte aurkari.

Zaldibian jokatuko da beste finala, Udaberriko bigarren mailako jubenilen ekialdekoa. Ostiralean, 19:00etan hasi eta bigarren partidua jokatuko dute Intxurreko Aitor Goikoetxeak eta Josu Colladok, Zaldibian bertako Gaztelupe taldeko Aranburu eta Mendizabalen aurka.

Honelakoetan esaten dena: beren onena eman dezatela guztiek, goza dezatela, eta onenak irabazi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!