Erakusleihoak

Lehen irudia. Berria, 2014/05/24. «Mundu osoko denda erreferentziala izango da Donostiako Zara denda, Londres edo New Yorkekoaren parekoa». «Ikaragarriak dira Ortegaren inperioaren datuak. 6.000 dendatik gora ditu munduko 86 herrialdetan, 120.300 behargin ditu, 2012an 15.946 milioi euroren salmentak izan zituen eta 2.367 milioi euroren irabazi garbiak». «Espainia markaren adierazletzat jo izan da Inditex, baina komeni da gogoratzea 2007tik 2011ra, adibidez, sarean egindako erosketen zergak ez zituela Espainian ordaindu, Irlandan baizik».

Bigarren irudia. El Diario Vasco, 2014/05/20. «Donostiako Getaria, San Marcial, Bergara eta Arrasate kaleen arteko etxadian Kutxak duen egoitzan egiteko asmoa duten merkataritza gune berriak 4.500 metro karratuko azalera izango du, San Martineko Zara (4.200 m2) denda berriak duena baino handiagoa. Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren egoitza zena erosi duten inbertitzaileek apustu indartsua egin dute hiriaren aukera komertzialen alde. Izan ere, inguru horretan lokal gehiago erosten ahalegintzen ari dira, haien inbertsioa errentagarria izango dela konbentzituta baitaude. Inditex taldeak aurrera jarraitzen du bere lokalen berrantolatze lanetan, eta honezkero hiru lokal berri ziurtatu ditu merkataritza gune berrian. Bere zuzeneko lehiakideak ere ez dira atzean geratuko. Mango eta H&M etxeek ere interesa azaldu dute lokal hauekiko, baina Getaria kaleko eraikinak ezin ditu haien espazio beharrak bete».

Hirugarren irudia. Pantailan, Sra Polaroiska arte kolektibo euskaldunaren Pilota Girls ikus-entzunezkoa. Bilboko erdiguneko kale bat. Elastiko gorriz eta galtza bakeroz jantzitako neska batek frontoiko pilota bat du eskutan. Bote egiten hasi da, eta hormaren kontra bota du. Etorbide nagusietako paretetan hasi da pilotan, indarrez, kementsu. Baina zenbat horma daude hiriko zentroan? Azalera handienak banketxeen eta denda kate handien erakusleihoek betetzen dituzte. Tentagarria benetan...

Pilota Girls Londresen izango da ikusgai datorren astean —eta geroago Amerikako herrialde ezberdinetan—, euskal bideo-arte garaikidearen erakusgarri diren zazpi lan gehiagorekin batera, GAUR (sic) bildumaren baitan. Emakumeen inguruko estereotipoak hausteaz gain, ikus-entzunezko honek «mundu mailako eta tokiko inguruneko elkarrizketa» irudikatu nahi duela diote Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe sortzaileek. Probokatzaile deitu diete. Hara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!