Erbiaren bidea

Lau egun etxetik kanpo, lanean. Banoa aireportura, presaka -harritzekoa!-, gaueko 21:30ak aldera Bilbora iristeko esperantzarekin. Laneko kontuak ondo joan dira, baina ostiralean etxean lo egiteak ez du preziorik. Vueling-eko hegazkin dotoreari berri usaina dario; ondoko gazteak, ezin Britishago, tokia aldatzeko eskatu dit, “madam”, lagunekin joan ahal izateko. Bagoaz aireratzeko pista aldera. Aldera. Gehiago bidaiatzeko gogoa pizten didan aldizkaritxoa irakurtzen hasi naiz. Eta bukatu. Ordu erdi horretan gure atzetik zetozen hamaika abioi abiatu dira...

Hegazkinaren balazta hondatu dela eta pistan bertan konpontzen saiatuko direla dio komandanteak. Beste ordubete pasa dugu zain -haize egokiturik gabe-, eta bigarrena. Jendea bero: hegan egiteko premia oihukatzen dute batzuk, kabina hutsera gerturatuz. Beste batzuk baso bat ur behar dute zorabioa arintzeko. Urtebete Birminghamen ikasten izan den 15 urteko mutiko bilbotarra madarikatzen ari da, amatxuk afaltzeko prestatu dion patata tortilla gogoan. Hiru ordu eta gero terminalera itzuli behar dugula iragarri digute, konponketarako behar den ordezko pieza biharamunean iritsiko da eta. Goizeko ordu biak aldera pott eginda hotel batean oheratu aurretik errenkadatan eman dugu gaua.   

08:00etan aireportuan gara berriro. Irribarrez elkartu gara bezperan ezagututako bidaideekin eta, hau bai harrigarria, denboraren neurria aldatu egin da. Inork ez digu argitu noiz abiatuko garen, baina gutxiago axola zaigu gaur. Hegaldia seguruagoa izango da, oraindik heldu ez den ordezko pieza horri esker. Denok hausnarketa bera egin dugula dirudi: ordu batzuk baino ez dira, eta gure esku dago tarte hori era atseginean pasatzea. 14:00ak aldera sartu gara berriro abioian, oraingoan lagunez inguratuta. “Dibertigarria” izan dela kontatu diet etxekoei Tolosara iristerakoan, matxurak oparitu dizkidan une xelebreak laburbildu ezinik.

Bi puntuen arteko bide motzena marra zuzena da, ondo dakigu, hura baita gehienetan lehenesten duguna. Baina ez du zertan interesgarriena izan. Batzuetan nahita, bestetan halabeharrez eta tarteka gogoz kontra ere bai, jira eta bira eginda heltzen gara helmugara -erbiek egiten duten legez-, ibilbidean harritu eta aberastu gaituzten lurrin ezberdinak gureganatuta. Baina galdu gabe. Pentsatu nahi dut horrela helduko garela Gipuzkoa osora zabaltzeko bokazioa duen Donostia 2016 Europar Kultur Hiriburutzaren ospakizunaren muinera. “Zalantza, balantza, orekaren dantza. Erortzeak ez al du zutitzearen antza?”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!