Gazako zeruaren patxada behin eta berriz bortxatzen duen bonbetako bat bere etxean danbatekoa noiz joko zain eman du uda Farah Baker nerabe palestinarrak, Twitter bitartez egunero zuzenean kontatu digunez. «Hiru gerra biziraun ditut eta nahikoa dela uste dut». Hirugarren hau ezberdina da, oraingoan ospitaleak, eskolak eta zibilak baitira jomuga. «Entzun: hau da egiazko bonba baten burrunba». «Gertu jo du oraingoan, gertuegi». Setioak etxea infernu bilakatzen duenekoa.

Farahren etxea ez dute sekula santutegi bilakatuko, pentsatu dut Amsterdamen, II. Mundu Gerran Anne Frank judutarra Auschwitzera eraman aurretik bi urtez ilunpetan gordeta egon zen etxea, eguneroko famatua potoltzen ikusi zuen ezkutalekua, bisitatzeko ilaran nagoela. Barruan, zirrara. Hain al da laburra gizakiaren memoria? Nola liteke Mendebaldeak erokeria errepikatzen ari direnei men egitea? Ezin bereizi etxean giltzapetutako Anne eta Farah gaztetxoek idatzitakoak. «Itsasoaren falta sentitzen dut, nire lagunena, izozkiena, alaitasunaren falta sentitzen dut». «Bizikletan ibiltzea, dantzatzea, txistuka aritzea, gazte sentitzea, aske naizela jakitea, hori da nahiko nukeena». Nor da nor?

Faoz 22 urteko kurduak Irakeko etxea utzi eta Sinjar mendira ihes egin du familiarekin batera. Alferrik: jihadisten ezusteko setioan harrapatuta geratu dira. Gurasoak eta bi anaiak akabatu dizkiote, eta bost arrebak bahitu. Bederatzi milioi desplazatu eta lau borroka fronte pil-pilean dituen Siria zeharkatu du. Eta Irakeko Kurdistango errefuxiatuen eremu eskasera nekez iristea lortu duenean gauza bakarra du garbi: ez duela bere etxera itzuli nahi, inondik inora. «Dena kendu didate».

Etxeko tripa zorri eta gerretatik ihes eginda datoz Europara Saharaz hegoaldeko etorkinak, milaka, zuzen-zuzen gure alanbre-hesietan tupust egitera eta segurtasun indarren ferekak jasotzera. Afrikar jaioberriak jostailuzko txalupetan. Ez, ez, ez. Polikiroldegiak beteta daude, nork ordainduko ditu manta gorriak eta latak? Zoazte bueltan eta ez atera haitzuloetatik, ebola eta pobrezia ikaragarri kutsakorrak dira eta.

Uda honetako kronika bat. Gurean, abuztua amaituta ohiko zeregin eta kezketara bueltan goaz, etxera. Ahal dugunok. Iratzargailuak jo duen une berean ilargiak munduan zeharreko gaueko erronda amaitu berri du eta begirada tristez gogorarazi digu: zorioneko zuek

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!