Hi-tech etorkizuna

Txundituta nago. The Guardian egunkari britainiarrak itzelezko erreportajea eskaini dio Euskal Herriari urrian. Begiak zabal-zabal irakurri dut monografikoa, sarean. Badu mamia. Artikulu ugari; elkarrizketak denetariko euskal aditu, ordezkari politiko eta enpresetako arduradunei; bideo ikusgarriak.

The Report Company-k egindako gehigarria da nonbait, The Guardian, The Independent, The Economic Observer eta Die Welt nazioarteko sona duten egunkarientzat egina. Lan bikaina, pentsatu dut, Euskal Herriaren dohain industrialak eta turistikoak azpimarratzen duten artikuluen distirak itsututa: “Herri sortzailea, hi-tech etorkizuna”; “Industria handitik teknologia aurreratuetara”; “Euskal Herrian inbertitzen”; “Ondo konektatutako Europako eskualdea”; “Helmuga berde eta xarmagarria”; “Euskal Herriko energiaren erraldoiak”; “Euskal Herrian egina”; “Munduko txapeldun euskaldunak”; “Gipuzkoak ezkutuan zituen txapeldunak agerian jartzen ditu”; “Donostiaren urte osoko erakargarritasuna”; “Bilbok utzi duen arrastoa, industriaren gainbeheratik hiri adimentsura”; “Bilbo hiriaren errebotea”; “Araba oparoa”; “Euskal Herriko ardogileen profila altxatzen”; “Athletic Bilbao: klub bat baino gehiago”.

 

Irakurketak ez nau asebete, baina. Munduari Euskal Herria zertan bereizten den kontatu nahi, eta berezko tokirik ez euskal kulturgintzarentzat, zer esanik ez euskalgintzarentzat. Euskara aipatzen dute, bai, oso hizkuntza zaharra dela esateko, eta desberdina: inork ez dakiela nondik datorren. Berriz ere Koldo Mitxelenaren hitzak gogorarazi beharko ditugu ba, egiazko misterioa euskararen iraupena dela, ez jatorria.

 

Erreportajeak ekonomia arloa du xede, esango didazue. Badakit. Baina aizue, gehiago espero nuen “A creative people, a hi-tech future” izenburu nagusi duen lan zabal hori irakurtzean. Kulturari dagokionean, eta Donostiako alkatearen hiriari buruzko aipamenen bat salbu, arrasto gutxi “creative” horrengandik. Baina zer esango du ba The Guardian-ek, hemen ere ez badugu benetan sinesten gure sortzaileek gaur egun egiten duten lanak berebiziko garrantzia duela? Ez badugu benetan ikusten kulturgintzan eta euskalgintzan ez inbertitzeak gizartea eta etorkizuna pobretzea dakarrela? Askoz erosoagoa da, “The Report: Basque Country” irakurriko dutenei kontatu diegun bezala, euskal kulturaren ekarpena Guggenheim Museoaren edo Basque Culinary Centerren bidez laburbildu daitekeela pentsatzea. Pena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!