Ipuin erotikoa: Isileko agentea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Imanol Etxabe 2018ko urr. 13a, 20:28

«Euskal Herriko Inteligentzia Zerbitzutik (EHIZ) telegrama bat jaso berri duzu: «0376 Agentea STOP Misio berria STOP 'Txoko txiki' hotela STOP 4. gela STOP Urriak 5 STOP 22:30ean STOP Amets Urkiaga STOP Ile horia STOP 1,65m FULL STOP».

2018-10-11, 22:30. Ez dago inor gelan, bertako maleta eta kaxoi guztiak arakatu dituzun arren, ez duzu ezer berezirik aurkitu, beraz, bilau horrek gainean eramango du bilatu behar duzun guztia. Txartela sarrailan sartzen entzuten duzu eta ziztu bizian hutsik dagoen armairura sartzen zara. Atea ez da ondo ixten eta soinu gehiago atera baino horrela geratzea erabakitzen duzu, zirrikitu txiki batekin. Alkanfor usainera ohitzen zarenean konturatzen zara arazorik gabe ikus eta entzun dezakezula gelan gertatzen dena:

Bi pertsonen ahotsak entzuten dituzu. Zure ikus-eremua sartzen den lehena Amets bezala identifikatzen duzuna da, jasotako deskripzioaren araberakoa. Alkoholak argi ondutako irribarrea darama soinean, ohearen ertzean eserita bere gelakideari hitz gutxi batzuk «esaten dizkionean». Nahiz eta bere egoera nahiko barregarria izan, badu zerbait erakargarria egiten duena: ilea motots trakets batean du bildua, bere begi berdeek argi dute zer nahi duten eta etengabe ari da bere lepoa laztantzen, jolas eremua prestatzen ariko balitz bezala. Gelakidea eskutik heltzen du: «Odei, zatoz hona». Zuek bion artean silueta bat kokatzen da, handiagoa, estilizatua eta ile motxagoarekin. Denbora gutxian, Amets besotan hartu, ohearen erdian kokatu eta musu sakon bat ematen dio. Alkoholaren eraginez lokartutako garunaren inhibizio atalak K.O. daude, eta Ametsek plazerezko aprobazio oihu bat botatzen du musuaren erdian. Bi gorputzak pittin bat banatzen dira elkarren aurpegietara begiratzen direlarik. Ametsek, Odei lepo atzetik eutsi eta beste musu sakon bat ematen dio, eta lepoan behera hasten da joaten. Ametsek ohea desegiten du eta Odei bertan murgiltzen da. Ezer ikusten ez den arren argi dago zertan ari den hor behean: Amets ohearen goialdean uzkurtzen ari da etengabe, arnas-estuka, ahoa indar handiarekin ixten. Minutu gutxiren buruan bere aurpegian lasaitasuna ikusten da eta oihu ia xuxurlatu baten ostean bere gorputza erlaxatzen da. Maindirepetik Odei irteten da eta emeki besarkatzen du bere maitalea, biak lokartzen diren arte.

Ordu erdiren buruan, armairutik irten eta isilpean arakatzen duzu kendu duten arropa, bakero batzuen atzealdean USB bat aurkitzen duzu eta gelatik irteten zara.

Orain galdera batzuk: Zein sexutakoa da Amets? Eta Odei? Zenbat urte ditu bakoitzak? Amets gurpildun aulkian egon litekeela pasa al zaizu burutik? Edota Odei gorra dela? Esan, zerikusiren bat du emandako deskribapenek ideia horien eraketarekin?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!