ERREPORTAJEA

Mondejua, Aralar dastatzeko modua

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2023ko ira. 29a, 07:56
Udazkeneko mahaia mondejuarekin prest. AGURTZANE GARMENDIA

Aralarko lurretan larreratutako ardiek kutixi bat eman diote Amezketari: mondejua. Ohiturazko menuari balioa eman eta larunbatean azoka formatuan eskainiko dute herrian bertan.

 

Amezketa Aralar mendiari lotutako herria da, eta bertako paper-fabrika ireki aurretik, mendi honekin harremana zuten bertako ogibide askok: minetan 600 langile aritzen omen ziren XVIII. mendean, eta honekin batera, unaiak eta artzainak. Azterketek diotenez, behiak eta txerriak omen zeuden oso presente, eta ardiak gutxiago. Azken bi mendeetan ordea, ardiek hartu zuten protagonismoa. Denbora luze honetan, paisaia aldatuz joan da. Amezketara doazen kableen aztarnek bertako historiaren pistak ematen dizkigute, eta garai bateko baso txiki ugariak, larre berde dira egun.

Hamabost herrik aprobetxatu izan dute historian zehar Enirio-Aralar, eta 1409. urtean mankomunitate forma eman zioten. Pentsa, 600 urtetik gora iraun duen elkartea da. Mendiaren inguruan aurkitzen diren Goierri eta Tolosaldeko herriek osatzen dute; gure eskualdean, Ikaztegietak, Baliarrainek, Orendainek, Abaltzisketak eta Amezketak.

Ardiak Aralarren. N.R.A.

Azken bi mendeetan, ardiek bertako larreetan nagusitasuna hartu dute, eta honek, bere paisaia aldatzea ekarri du. Eta ofizio bakoitzak bere ezaugarriak dituenez, bizimodu bat ere bai. Aralarko artzaintza, eguraldi onena izaten den hilabeteetan bertako mendietan igarotzea izan da, eta garai hotzenean, behera edo herrira jaistea ardiekin. Aralarko ardiak ere desberdinak dira, hainbat mendetan, bertara egokitu den ardi latxa: hanka motzagoak bertako malkarretan erraz ibiltzeko. Bizimodu horrek errituak sortu ditu: maiatzaren 1ean burutzen den larre irekiera festa, esaterako. Eta oinordetzan, belaunaldiz belaunaldi, kultura zabal batez gain, produktu gastronomiko bereziak ere, artzaintzarekin lotura zuzena dutenak: mondejua, adibidez. Gaztaren ospearen itzalean, Aralar azpiko herrietan ia sekretuan gorde den hestebetea.

Aralarretik ardiak jaitsi eta artaldetik zaharrak, hortz gutxi zituztenak edo antzuak kentzen zituzten. Aprobetxatzeko, haien tripaki eta grasarekin, porrua, tipula eta arrautzak nahastuta, mondejuak egiten zituzten, Aralar magaleko Goierriko eta Tolosaldeko herrietan. Egosteko salda horri baserriko ogi zatiak bota, eta mondeju zopa. Ardiaren haragiarekin gisatua, eta aurretik egindako gaztekin, mondeju menua egina zegoen, gaur arte jaso eta mantendu den menua.

 

MONDEJUARI OMENALDIA

Amezketako Udalak, bertako herritarrekin batera, mondejuari balioa eman nahi dio, bertako ondare gastronomiko bezala bultzatu eta indartuz. Eta honetarako, larunbatean, irailaren 30ean, Mondeju eta Ardo Azoka antolatu dute. Festa honekin mondejuaren denboraldiari hasiera eman nahi zaio, iraila amaieratik abendu hasiera bitarte luzatzen dena. Mondejua eta Amezketa, zaletasuna baino gehiago delako: kultura dago, artzaintza, baratzezaintza, harremanak, ospakizuna, sukaldaritza, gozamena, transmisioa, Aralar… eta herri baten harrotasuna.

Mondejua Amezketako kutixia. N.R.A.


Gorazarre mondejugileei: benetako enbaxadoreak

Festa honen barruan, egunean bertan parte hartuko duten mondejugileak omendu nahi dituzte. Nahiz eta hamar diren, beraiek izango dira aurreko belaunaldietako mondejugileen ordezkari. «Beraiek gabe ez legoke mondejurik, eta beraiek dira gure produktu kuttunaren babesle onenak, beraiek dira mondejuaren enbaxadoreak, eta gorazarre egin nahiko genieke Amezketaren izenean», esan zuen festa aurkezteko garaian Mikel Arteagak, Amezketako alkateak.

 

Mondeju & Ardo Azoka

Mondeju eta Ardo Azokaren aurkezpena Ugarteko Goikoetxea tabernan. I.S.A.

Bihar, larunbata, ospatuko da Amezketako lehen Mondeju eta Ardo Azoka, herriko plazan.

11:00-15:00. Amezketako mondeju pintxo postuak eta Euskal Herriko ardoen dastaketa.

· Herriko 9 mondejugileren postuak.

· Euskal Herriko 7 upategitako 14 ardo.

· Mondejua egiteko tailerrak eta garai bateko jolasak haurrentzat.

12:00. Herriko mondejugileei esker on ekitaldia eta enbaxadore izendapena.

14:00. Aralarko ardi gisatua eta Amezketako gazta platerak, herriko produktoreen eskutik.

7 upategi hauek izango dira:

· Gipuzkoa: Hika (Villabona-Amasa).

· Gipuzkoa: RBLD sagardoak (Zizurkil).

· Nafarroa: Aristu (Irunberri).

· Behe Nafarroa: Etxondoa.

· Araba: The Mozo (Lantziego).

· Araba: Gil Berzal (Guardia).

· Bizkaia: Ulibarria (Gordexola)

Txarteldegia:

Kopak eta txartelak salduko dira. Txartel bakoitzak euro bat balioko du. Ardo gehienek txartel 1 balioko dute, eta gainontzekoek 2 txartel. Mondeju pintxoak izango dira, txartel baten truke. Kopak 2 euroan salduko dira.

10 izango dira mondeju postuak:

Norbanakoak:

1. Mari Jose Murua.

2. Xatur Zabala.

3. Uxue Artola.

4. Roxi-Agurtzane.

5. Olatz Balerdi.

Tabernak:

6. Txindoki: Izaskun Altuna.

7. Beartzana: Joxi Arsuaga.

8. Ametza: Eva Altuna.

9. Arkaitzpe: Jon Ruiz.

10. Goikoetxea taberna (Ugarte).

Egunean bertan ere, mondeju tailerra egongo da mondejua egiteko prozesua ikusteko. Bestetik, 14:00etan Loidi eta Lizeaga baserrietako ardi gisatua eta Oteiza Goikoako gazta jateko aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!