Mikeleteak azken mugan

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2016ko ira. 29a, 11:32

1844. urtean sortu zuen mikeleteen gorputza Gipuzkoako diputazioak Lehen Karlistadaren ondoren; eskualdeko azken mikeleteen bizipenak ekarri dituzte gogora.

Zarateko postuan bizitu ziren mikeleteen istorioak, tartean kontrabandistenak ere bai, berritzeko aukera izan zen duela gutxi Azken Muga proiektuaren barruan Zarateko lepoan bertan, Bedaio eta Azkarate artean. Alfredo Moraza Aranzadiko historialaria egin zuen hitzaldiaren ondoren, bertan bizitu ziren mikelete batzuen senitartekoek bitxikeria eta gertaera ugari azaldu zizkieten bildutakoei. Zaratetxean ikusgai izan da argazki, jantziz eta tresnaz osatutako erakusketa.

Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga XIII. mendean ezarri zuela azaldu zuen hasteko Morazak, Gaztelak Gipuzkoa konkistatu zuenean. Gorabehera eta liskar ugari izan omen ziren hurrengo mendeetan bi aldeko bizilagunen artean. XVI. mendean, Gaztelak Nafarroa indarrez bereganatu zuenean, bi aldeak erresuma beraren mendean gelditu ziren. 

Mikelete izena katalanetik (miguelete, miguelot, Errege Katolikoen garaian Italian aritu zen Miguel de Prat soldadu baten omenez) datorrela azaldu zuen Morazak. Katalunia, Valencia eta Aragoan zeuden polizia lokalak ziren, mugak zaintzeko edo udal zergak kobratzeko. Gero Andaluzian ere izan ziren, bidelapurren atzetik ibiltzeko. Euskal Herrian polizia foralak ziren, izen desberdinekin: miñoiak Araban, foralak Nafarroan eta mikeleteak Gipuzkoan eta Bizkaian (hemen geroago miñoiak deitu zitzaien). Txapelgorriak deitzen zitzaien baita ere.

Lehen Karlistadaren ondoren sortu zuen Gipuzkoako diputazioak mikeleteen gorputza, 1844ean. Beren zereginen artean mugak eta aurrezki kutxak zaintzea zeuden. Gorabehera handiekin, tarteka gorputza deseginez eta izen desberdinak hartuz, XX. mendearen bukaera aldean Ertzaintza sortu arte iraun zuen, bertan integratuz mikeleteak.

Mikelete izateko baldintzak ere argitu zituen Aranzadiko historialariak: gizonak, bertakoak, gazteak eta ezkongabeak izan behar zuten (ezkontzeko baimena eskatu behar zuten, Lojendio koronelari eskatu ziola gogoratzen du Inazio Zabalaren bilobak), zintzotasuna erakutsi behar zuten, ezin zuten tabernetan ibili… Tarteka lekuz aldatu egiten zituzten, adiskidetasun handirik ez izateko bizilagunekin.

VALLEJO, ITSASO ETA ZABALA

Zarateko ekitaldian bertan egondako hiru mikeleteren senitartekoak elkartu ziren: Jose Vallejo, Martin Itsaso eta Inazio Zabala.

Jose Vallejo Jaka (Berastegi 1896-1969) 1919an sartu zen mikelete eta Zaraten bi alditan egon zen, 1919tik 1924ra eta 1925etik 1934ra. Tartean Zumarragan aritu zen eta ondoren Zumaian, Gerra Zibilak harrapatu arte. Gerran Eusko Gudarostean aritu zen Bilbo erori arte. Santoñan kartzelan izan ondoren Tolosara itzuli zen eta 1948an berriro mikelete onartzea lortu zuen, nahiz eta orduan udal zergak kobratzeko gorputza deitu. Ilarratzun eta Otzaurten aritu zen 1961ean erretiratu arte.

Martin Itsaso Ezeiza (Albiztur 1915-Zarate 1955) 1940ean sartu zen mikelete eta bi urte terdi Uliko postuan aritu ondoren Zaraten aritu zen 1942tik 1955ean bertan hil arte, bihotzekoa emanda lotan zegoela, 40 urterekin. Zaraten aritu zen azken mikeletea izan zen.

Ignazio Antonio Zabala Atin (Amezketa 1888 - Alegia 1966) 1908an sartu mikelete gorputzean eta 1914tik 1923ra aritu zen Zaraten. Aurretik artzaina izana zen eta mikelete sartu zenean Amezketan eta Irunen aritu zen lehendabizi. Berak hala eskatuta, Zaratera destinatu zuten eta ondoren Alegian aritu zen gerra iritsi arte. Hau ere Eusko Gudarostean aritu zen gerra galdu arte eta kartzela ezagutu zuen Bilbon. Urtetan bere berri izan gabe egon ondoren, Alegiako etxera itzuli eta hainbat lanbidetan aritu zen lanean, Diputazioarekin borrokatuz bere eskubideak eta pentsioa berreskuratu ahal izateko.

«Gerra aurretik bi mikelete beren familiekin bizi ziren Zaraten. Gerra ondoren, bakarra, baliabideak murrizten joan zirelako. Alde handia dago, bakardadea nabari zutelako», dio Asier Vallejo Itsasok, Jose Vallejo eta Martin Itsaso mikeleteen bilobak. Azken honen heriotzak «egoera gogorra» ekarri zuela gogoratzen du bere alaba Mari Karmenek. «Zaraten jaio eta pozik bizi nintzen. Bedaioko eskoletxera eta lehen jaunartzea egin ondoren, Azkaratera joaten nintzen eskolara. Hil bezperan aitarekin jolasean ibili eta berarekin lo egin nuela gogoratzen dut. Esnatzerakoan hilda zegoen. Ama senarrik gabe eta bi ume txikirekin gelditu zen, diru sarrerarik gabe», dio.

Martin Itsaso Bedaio eta Azkarate inguruan «oso maitatua zen, bihotz oneko gizona» zela aipatu zuen Julian Auzmendi azkaratearrak ekitaldian. Estraperlo garaiko kontrabandistak bere biziraupena ziurtatzeko aritzen zirela ulertuta, eskuzabal jokatzen zuela esan zuen, «beste aldera begiratuz». Itsasoren familian uste dutenez, Zarate utzi eta Ilarratzuko postura destinatu zutelako «penaz hil zen». Izan ere, hil eta egun gutxitara utzi behar zuen postua.

Jose Vallejoren familiak ere une latzak bizitu zituen lanpostua galdu zuenean gerra iritsitakoan. «Lana galdu eta frankistek Zumaiako etxea eta barruko guztiak kendu zizkieten. Familia aurrera atera behar izan zuen», adierazten du bere bilobak. 

TESTATUEN KOADERNOA

«Nire aitona eta Zarate pertsona eta leku garrantzitsuak izan dira gure bizitzan», dio Iñaki Zabalak. Inazio Zabala eta Jose Vallejo mikeleteak bi ahizpekin ezkondu ziren, beraz familiartekoak dira. Mikeleteen bi etxe zaharren artean gaur egun ez dagoen bide zaharra zegoela gogoratzen du. Edo bere aitak, lau urte zituela, norbaiti eroritako txanpon bat aurkitu zuela bertan. Aitonak basurdea nola hil zuten kontatzen zuela ere aipatzen du. Estraperloko kontuak ere bai. «Edatea eta tabernetan ibiltzea debekatuta izan arren, Bedaioko sagardotegitik gorago zegoen borda zaharrean sardinzar batzuen inguruan egindako parrandak ere kontatzen zizkigun», dio bere bilobak.

Testatuak egiteko zirriborro gisa erabiltzen zuen koadernoa gordetzen du eta Olarrain inguruan izan zen hilketa baten berri edo ijitoak Ordiziara nola bidaltzen zituzten jasota dago bertan.

Kontrabandisten istorioak ere agertu ziren Zarateko solasaldian. Gerraondoan, janari eta diru eskasiaren garaian, hainbat elikagai (olioa, irina, patata, ardoa) pasatzen zituzten Nafarroatik Gipuzkoara, askotan Azkarateko tabernan edo Uztegiko kooperatiban erosiak. Legalki pasatuz gero, Zarateko mugatik pasatu behar zituzten, zerga bat ordainduz mikeleteei. Baina askotan ezkutuan, mendiz, gauez, pasatzen zituzten zergarik ez ordaintzeko. Harrapatuz gero, zigorra eta isun handia izaten zuten. Hor istiluak eta sortzen ziren, baina mikeleteek beti ez zuten gogor jokatzen, bizirauteko kantitate txikiak pasatzen baitzituzten.

Lehen esan bezala, Martin Itsaso izan zen Zarateko azken mikeletea. Juan Mari Ansak idatzi zuen Las Malloas de Aralar liburuan jasota dago bere historia. Ilarratzura pasatu zuten mikelete etxea, Lizartza eta Araitz arteko errepide ondoan. Han trafiko handiagoa eta jende gehiago ibiltzen zen. Baina hori beste istorio bat da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!