Teodoro Hernandorena omenduko dute Xalbador Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2016ko urr. 16a, 09:54
Teodoro Hernandorena milaka abertzaleren aurrean mintzaldian, Aberri Eguneko ekitaldi batean. Argazkia: Kutxa Fototeka

Urriaren 22an eta 23an Teodoro Hernandorena zizurkildarra eta Emile Larre baigorriarra omenduko dituzte Urepelen (Nafarroa Behera) Xalbador Egunean, bertsolaritza sustatzeko egindako lanagatik. Aurten 40 urte dira Fernando Aire Xalbador bertsolari urepeldarra hil zela. 2004tik antolatzen du bere omenez Deiadarra elkarteak ekitaldi hau. Egitarau zabala prestatu dute Xalbador eta bi omenduen inguruan.

Urriaren 22an, larunbatean, Aldudeko antzerki taldeak bere saioa eskainiko du eskolan eta iluntzean Kepa Junkera eta Sorginak taldearen kontzertua izango da plazan. Igandean, berriz, urriak 23, Hernandorena eta Larre omenduko dituzte, Joxe Mari Iriondok beraiei buruzko hitzaldia emanez, herri bazkaria izango da eta trikitilariekin batera Amets Arzallus, Sebastian Lizaso, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariak ariko dira kantari.

Bi bertsozaleei buruzko liburu bana argitaratu zuen Joxe Mari Iriondok Bidegileak bilduman. Bi biografia aberatsetan bertsolaritza sustatzeko egindako lana nabarmentzen da. Hernandorena Euskaltzaleak taldean aritu zen Bertsolari Guduak antolatzen gerra aurretik. 1937an Ipar Euskal Herrira erbesteratu behar izan zuen eta bertso girorik ez zegoela konturatu zen berehala. Herriz herri eta etxez etxe bertsolariak bilatzen hasi zela aipatzen du Iriondok bere liburuan. 1946an antolatu zuen lehen bilkura, 16 bertsolari elkartuz eta handik gutxira txapelketa antolatu zuen zortzi parte-hartzailerekin. Txapelketa moduko jaialdiak antolatzen zituen.

Gerora Xalbadorrek berak aitortu zuen bere liburu batean Teodoro Hernandorenak eman zituela ezagutzera bera eta Mattin zuberotarra bertso munduan. 1949an Euskal Herriko Txapelketa antolatu zuen Urruñan eta beste batzuk hurrengo urteetan. 1958an Parisen antolatu zuen jaialdia, Sorbonako Unibertsitateko eta prentsako ordezkariak bertan elkartuz. Lehen aldiz orduan atera omen ziren bertsolariak telebistan. Lan hori errekonozitzeko, urtero antolatzen den bertsolari gazteen lehiaketak bere izena darama.

Kultur eta politika eragile sutsua

Hala ere, ez zen bertsolaritza izan Zizurkilgo gizon txiki honek bultzatu zuen arlo bakarra. Politikagintzan eta kulturgintzako hainbat alorretan (zinema, pilota, kazetaritza…) ere lan izugarria egin zuen. 1898ko azaroaren 6an jaio zen Teodoro Godofredo Hernandorena Barandiaran, Zizurkilgo Herriko Etxean. Aita sendagilea zen, Mendigorriakoa, eta ama, maistra, Legorretakoa. Euskaldunak izan arren, etxean gazteleraz egiten omen zuten. Kalean ikasi zuen euskaraz Teodoro Hernandorenak, euskaldun kontzientzia Zaragozara medikuntza ikastera joan zenean piztu zitzaion eta Basurtoko Ospitalean lanean hasi zenean murgildu zen giro abertzalean.

 Aurretik apaiz ikasketak egin zituen Andoainen eta Gasteizen, bere gogoen kontra. «Garai hartan gurasoek eta herriko apaizak indar handia izaten zuten eta haiek behartuta egin zituen apaiz ikasketak. Meza eman aurretik Seminarioa utzi zuen», dio Jose Manuel Atxaga bere ilobak. Hala ere oso katoliko izaten jarraitu zuen hil arte. Medikuntza ikasketak amaitu eta itsasontzi batean aritu zen sendagile lanetan, munduko hainbat leku ezagutuz. 25 urterekin Villabonan hasi zen mediku. Gero Odontologia ikasketak egin zituen Madrilen eta Donostian jarri zen dentista lanetan 1930ean. Urtebete lehenago Mercedes Albearekin ezkondu zen, billabonatarra zen eta sendagileen alaba eta arreba. «Bere anaia Julio Belgikako Fabiola erreginaren sendagilea izan zen», dio ilobak. Zortzi seme-alaba izan zituzten. «Emaztea euskaldundu zuen eta Parisen bizi arren, seme-alabek ere ondo ikasi zuten. Beharko haren ondoan», dio Atxagak.

Politikagintzan egin zuen bidea, Eusko Alderdi Jeltzaleko Euzko Gaztedin izena eman zuenean hasi zen, 1931n. Handik gutxira Gipuzkoako Buru Batzarreko lehendakari izendatu zuten. Ekintzaile aparta izan zen garai hartan: festak antolatu, hitzaldiak eman, irratian euskarazko programa eskatu… Euskaltzaleak, Eusko Pizkundea edo Eusko Nekazarien Bazkuna bezalako erakundeen sorreran parte hartu zuen. Zeruko Argia, Bidasoa, Anaitasuna eta Principe de Viana aldizkarietan idatzi zuen. Atzerriko herrialde askotan (Uruguay, Argentina, Irlanda) pilotari buruzko hitzaldiak ematen ibili zen.

«Bere anaiak, Gerardo eta Toribio, puntista profesionalak izan ziren Txinan, Habanan eta Bartzelonan. Berak ez zuen horretarako gorputza, baina oso zalea zen. Villabonako errebotea ere asko lagundu zuen, Iparraldeko pilotariak hona ekarriz askotan», dio ilobak. Mitinlari gisa nabarmendu zen. Agirre lehendakaria, Aitzol, Lopez-Mendizabal, Monzon eta beste pertsonai batzuk oso gertuko izan zituen. Donostiako Orfeoian tenore izan zen eta gero Gipuzkoako Abesbatza sortu zuen. Txanton Piperri eta Amaia obrak estreinatu zituen hemengo hiriburuetan eta Bartzelonaraino iritsi zen.

Langilea eta zorrotza

Zinemagintzan egin zuen ibilbidea ere nabarmentzekoa da. Euzkadi film luzea egin zuen, gure herriaren irudia kanpoan zabaltzeko. 1933ko Aberri Eguneko irudiak grabatu zituzten eta inguruko herri, leku eta ekitaldi ugari ere bai. Urte horren amaieran estreinatu zen filma. Zoritxarrez irudi haiek galdu egin ziren tropa frankistek filmaren kopia bakarra bahitu eta erre zutelako gerraren hasieran. Urte batzuk geroago San Inaziori buruzko film baterako ere aukeratu zuten protagonistaren papera egiteko, baina azkenean ez zen burutu.

1937an, Ipar Euskal Herrira erbesteratu behar izan zuen familiarekin. Ezpeletan, Azkainen, Donibane Lohitzunen eta, batez ere, Parisen (1948-1966) bizitu ziren. Erbeste urte haietan garatu zuen bere lana. «Iparraldean zegoela ezagutu nuen nik. Bisitan joateko baimena lortzen genuen», dio Atxagak.

1966an hona itzultzeko aukera izan zuen eta Hondarribian jarri zen bizitzen eta lanean dentista gisa. «85 urterekin oraindik lanean ari zen. Adin horrekin Aizkorrira igo zela esan zidan pozik», dio Jose Manuel Atxagak. 1986. urtean Eusko Alkartasuna sortu zenean EAJtik bananduta, alderdi berrira pasatu zen. 1994ko azaroaren 9an hil zen Donibane Lohitzuneko egoitza batean, 96 urte bete berriak zituela. Bizirik zela omenaldi ugari jaso zituen egindako lanagatik, 1985ean Saran pilotariena, 1992. urtean Donostian Bertsolarien Egunean Larre eta Izetarekin batera, adibidez.

«Zizurkilekin haserre zegoela esan zidan, gerran oso gaizki portatu zirelako», dio Joxin Azkuek, Hernandorena kultur elkarteko kideak. Geroztik kale bati bere izena jarri zioten jaioterrian eta urtero Teodoro Hernandorena idazlan lehiaketa antolatzen dute. «Normala zen frankismo urteetan kasurik ez egitea. Beldur handia zegoen, batez ere politikan nabarmentzen zirenengatik. Alkateek behatzez jartzen zituzten. Bere bizilagun Rafael Bereziartuak ere asko sufritu zuen. Idazkari postutik kendu zuten eta epaitegiko partidak eginez atera behar izan zuen bizimodua», dio ilobak. Gizon langile eta zorrotz gisa gogoratzen du Jose Manuel Atxaga Hernandorenak bere osaba Teodoro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!