Puntu ona etxean Interren aurka (2-2)

Horitxoek ezin izan zuten hamaseiagarren garaipena jarraian lortu eta garaipenen dinamikari ahalik eta modu hobenean eman zioten amaiera, berdinketa garrantzitsua lortuz etxean Intxaurrondoko C.D. Internacional taldearen aurka.

Aurten tolosarren aurka bi aldiz jokatu ostean (liga eta kopa), donostiarrek ondo ikasita ekarri zuten lekzioa. Partidu itsusia planteatu zuten lehen minututik eta ez zioten utzi etxeko taldeari nahi bezain gustora jokatzen, presioan sendo mantenduz.

Honelako testuiguruan, etxeko taldeak ez zuen bere aurpegirik disdiratsuena erabili baina lanean ondo aritu eta berehala jaso zuten lehenengo saria, seigarren minutuan Xabaten golari esker. Area barruan hanketan geratu zitzaion baloia Josuri eta Elorrin gertatzen ez zaion golarekin ez asmatze horretan, jokaldian bertan zegoen Xabatek baloia sareetara bidali zuen. Handik hainbat minutura, Interren gola etorri zen baloi galera baten ondorioz, etenaldira berdinketarekin iristea lortu zutelarik.

Bigarren zatian segituan aurreratu zen Laskorain Kattaren bitartez. Parrandaz aparte futbolean ere ezaugarri onak dituela erakutsi zuen, eta errebotez jaso ostean baloia sarera bidali zuen. Ostera, zorte txarra medio, ihes egindako baloi bati esker Interrek berdinketa lortu zuen partida amaitzeko zazpi minutu inguru falta zirenean.

Hortik aurrera, partida gogortu egin zen, bi taldeek ez zituzten puntuak alde egiten utzi nahi eta. Epaileek ere ez zuten partida xamurtzeko ahalegin gehiegirik egin erabakiak hartu nahi ez horretan. Hori alde batera utzita, etxeko taldeak aukerak izan zituen berdinketa hausteko. Hauen artean Beñatek zutoinera bidalitako jaurtiketa bat, kantxa osoa jokaldi pertsonal batean zeharkatu ostean. Interrek ere egin zuen saiakera atezain jokalaria erabilita baina markagailua ez zen gehiago mugitu.

Laskorainentzat puntu garrantzitsua lehen postuan mantentzeko borroka horretan. Amaierako emaitza Laskorain 2 - Inter 2. Jokalariak: Alex(P), Landa(P), Katta, Josu, Manso, Juaristi, Beñat, Xabat, Gaba, Lakun, Juaristi JR.

Asteburu honetan beste aurkari garrantzitsu bat jasoko du Usabalen 16:00 tan, Pasaiako Afantxo FK taldea. Garaipena lortzeko ezinbestekoa izango da denen laguntza eta zaletuei etortzeko gonbita egiten diegu, azken partidan emandako laguntza eskertzeaz batera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!