Puntu garrantzitsua ekarri zuen Laskorainek Zaragozatik

Laskorainek berdinketa lortu zuen Zaragozan, nahiz eta aurkaria baina gehiago izan.

Bi taldeek, Patatas Gomez eta Laskorainek, joku estilo antzekoarekin jokatu zuten, kemena eta gogo faltarik gabe. Aurreneko zatia ondo hasi zen tolosarrentzat, aukera arriskutsuak sortuz eta aurkariei zalantzak sorraraziz. Hala ere, Zaragozako taldeak zatiaren erdi alderako bi gol sartuak zituen modu berean, kornerrez, horitxoen defentsa gaizki antolatu ostean. Gauzak horrela, Laskorainek ez zuen norgehiagoka galdutzat eman inongo momentuan, eta atsedenaldira joan baino minutu batzuk lehenago, kontra eraso batean Mansok ezkerrarekin bikain gainditu zuen ateazaina markagailuko distantzia murriztuz (2-1).

Bigarren zatia aurrenekoaren antzera joan zen. Laskorainek arriskua sortzen jarraitzen zuen eta Patatasek aldiz, ez zuen min handirik egiten aurkarien atean. Minutu batzuk igaro ondoren, berdinketa etorri zen tolosarren eskutik, baloia mugitu eta jokaldia ondo elaboratu ondoren, Juaristi ateazainarekin bakarrik gelditu zen eta ez zuen baloia atean sartzerako garaian hutsik egin (2-2). Segituan etorri zen ordea Zaragozakoen gola berriz ere. Etxeko taldeak eduki zituzten gol aukera gutxi horiei probetxua ateratzeko gai izan ziren, horrez gain, tolosarrek goleko jokaldian, gehiago egiteko aukera zuten defentsaren arloari begiratuz gero.

Denbora aurrera zijoan eta presioa geroz eta nabarmenagoa zen San Braulio pabiloian. Denbora gutxi geratzen zela ikusita, Narciso Pavoren jokalariak bosteko jokoarekin hasi ziren. 2 jokaldi arriskutsu sortzeko gai izan ziren norgehiagokari 3 minutu falta zitzaizkionean, baina golik ez. 14 segundoren faltan ordea, iritsi zen gola Kattaren eskutik, non bosteko jokoan maisuki sortutako jokaldi bat gauzatu zuten (3-3).

Berdinketarekin etorri behar izan zuten etxera, nahiz eta egindako lanak gehiagorako merezi behar zuen.

Larunbat honetan, Zierbana jasoko du etxean arratsaldeko seietan.

Hasierako bostekoa: Odei (P), Juaristi, Gaba, Manso eta Eñaut.
Narvarte (P), Balerdi, Mujika, Josu, Paul, Arra eta Kattak ere jokatu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!