Loatzo Musika Eskolak logotipo lehiaketa antolatu du

Lehiaketa bat antolatu dute, musika eskolarako logotipoa aukeratzeko. Zenbait oinarri zehaztu dituzte parte hartzeko, baita aurkeztu ahal izateko baldintzak eta epeak ere.

Musika eskolaren logotipoa definitzea da helburua. Logotipo hau zerbitzu honetan antolatuko diren ekintza desberdinen berri ematerakoan erabiliko da. Lehiaketa, berriz, fase bakarrean eta epaimahai baten bitartez gauzatuko da.

Lehiaketan, 16 urtetik gorako pertsonek hartu dezakete parte. Bakarka edota taldean aurkez daitezke lanak, eta norbanako edo talde bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ahal izango ditu. Guztiak ere, musikarekin edota musika eskolarekin zerikusia dutenak izan beharko dira.

Lehiaketa honetan aurkeztuko diren lanek originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute, beste inongo lehiaketatan parte hartu gabeak, eta ezingo dira izan beste lan batzuen kopiak, ez guztiz, ezta zati batean ere.

Lanak azalera zuria duen euskarria izan behar du, A4 tamaina hobesten da eta bertikalki edo horizontalki ager daitezke. Beste azalera mota batzuk ere onartuko dira, esate baterako, kartulina edo kartoi-luma, eta ez dira onartuko euskarri informatikoan bakarrik aurkeztutako lanak (beharrezkoa da inprimatutako lana aurkeztea). Arte-teknika librea da.

Hiru ezaugarri

Logoaren diseinua hiru ezaugarrirekin aurkeztu beharko da. Batetik, formatuari dagokionez, paperean. 3x3 cm eta DIN A4ko tamainetan, azalera zurrun baten gainean.

Euskarri digitalean ere egin daiteke, CD edo pendrive motako USB batean, bai koloretan, baita zuri-beltzean ere. Ilustrator edo beste programaren bat erabili ahal izango da; beti ere, azken hau edozein tamainetara egokitu baldin badaiteke kalitatea galdu gabe eta Ilustrator programara eraldatu badaiteke. Erresoluzioa, 200 ppp-koa izan behar da gutxienez

Logotipoa diseinuaren zergatiaren azalpen txiki batekin aurkeztu beharko da, eta edozein komunikazio-euskarritara egokitu ahal izango da, hau da, paperera, gutun-azalera, txartelera, kartelera, helbide elektronikora, web orrira edota pankartara.

Bi gutun azaletan

Proposamen bakoitzeko bi gutun azal aurkeztuko dira, bata txikia eta bestea handia; biak itxita. Gutun azal txikia egongo da handiaren barnean, eta biek izengoiti bera edukiko dute idatzita azalean.

Gutun azal txikian parte hartzailearen datuak idatzi beharko dira: izen-abizenak edo elkartearen izena, NANaren zenbakia, jaioteguna, helbidea, telefono zenbakia, eta helbide elektronikoa. Azal handian, berriz, proposatzen den/diren diseinuak sartu beharko dira, euskarri digitalean eta paperean. Nahi izanez gero, lanaren inguruko azalpen labur bat aurkeztu ahal izango da.

Lanak zuzenean edo korreoz aurkeztu ahal izango dira honako helbide honetan: Loatzo Musika Eskola; Bulandegi bidea 23, behea; 20150 Zizurkil. Lanak aurkezteko epea martxoaren 14an hasi, eta apirilaren 5era bitarte luzatuko da.

Epaimahaia eta bere erabakiak

Logotipoaren balio artistiko eta sinbolikoak, batetik, eta irudikatzeko eta komunikatzeko duen ahalmena, bestetik, izango dira proposamen irabazlea aukeratzeko aintzat hartuko diren alderdiak. Gainera, diseinu berritzailea eta identifikatzen erraza izatea baloratuko da, baita erabilera anitzekoa izatea eta hainbat euskarritara egokitzeko gaitasuna edukitzea ere.

Epaimahaia Loatzo mankomunitateko 2 udal ordezkarik, musika eskolako 2 ordezkarik eta diseinuan aditua den pertsona batek osatuko dute. Talde honek inolako menpekotasunik gabe jardungo du eta goiko irizpideekin bat etorriz erabakiko du zein den proposamen irabazlea. Edozein pertsona edo taldeekiko konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo iraingarriak dituzten lanak baztertuko dira.

Epaimahaia epea amaitzean bilduko da, eta epaia eman ondoren, gutun-azal txikia zabalduko da, irabazlea nor den ikusteko. Ondoren, akta jasoko da. Epaimahaiak erabaki dezake lehiaketa irabazlerik gabe uztea, aurkeztutako diseinuek eskatzen den kalitatea lortzen ez badute.

300 euroko sari bakarra

Epaimahaiaren erabakia hautatutako proposamenaren egileari jakinaraziko zaio, eta musika eskolako webgunearen bitartez ere emango da ezagutzera. Sari bakarra banatuko da. Hain justu, irabazleak, 300 euroko ordainsaria jasoko du batetik, eta bestetik, lehiaketa irabazi duela dioen ziurtagiria. Aurkeztutako logotipoen erakusketa egingo da, Loatzo osatzen duten herriren batean.

Irabazleak eta gainontzeko parte hartzaileek, Loatzo udalerrien mankomunitateari lagatzen dizkiote ustiapen eskubideak, berari bakarrik eta denbora mugarik gabe.

Informazio gehiago nahi duenak, loatzo@loatzo.eus helbide elektronikora mezua idatzi, www.loatzo.eus webgunea bisitatu edota 943 692 619 telefono zenbakira deitu dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!