Gauzak nola izan diren

Erabiltzailearen aurpegia Maddi Amiano 2024ko mar. 1a, 07:58
Otsailaren 29 dataz nekez ahazten da. N.R.A.

Oilo-larrua jartzen dit bien artean 150 urte badituztela jabetzeak. Oilo-larrua jarri zidan moduan atzo pixa egiteko puntilladun kulero zurixkak jaitsi, eta odol tanta bat nuela ikusteak. Odol putzua iruditu zitzaidan, bainuontzi oso bat odolez beteta ikustearen modukoa. Eta, garbigailuan arropak euren artean endredoan dabiltzan bitartean odol tanta gorria kulero zuri bihurtzeko desiraz nabil.

Amonaren ahizpa otsail amaieran etorri ohi da gure etxera. Nafarroara bizitzera joan bazen ere, bien anaia hil zeneko urteurrenean gerturatzeko ohitura hartu zuen eta. Nekez ahazten da otsailaren 29ko dataz. Gauzak nola izan diren ahaztea zaila izaten baita. Eta egun hau, lau urtez behin izaten baita. Eta gure familiako egutegian sakratua baita. Baina, denbora aurrera joan bada ere, hortxe dabiltza anaiaren bizitzaren bibliografia euren kataraten betaurrekoetatik analizatuaz. Gauzak nola izan diren…

 

«Amonaren ahizpa otsail amaieran etorri ohi da gure etxera. Nafarroara bizitzera joan bazen ere, bien anaia hil zeneko urteurrenean gerturatzeko ohitura hartu zuen. Nekez ahazten da otsailaren 29ko dataz»

 

Amonak dio ongi hasten dena ongi amaitzen dela, eta anaia hain omen zen jatorra, hain haur ona, gaixotasun motza eta sufrimendurik gabekoa tokatu zitzaiola horregatik. Baina, hasiera jaiotza den moduan; amaiera heriotza da, eta bada jaiotzen garen momentutik hiltzen ari garela dioenik ere. Dio amonaren ahizpak. Eta, baita bizitzen garen moduan hiltzen garela dioenik ere, erantzuten dio amonak. Berak hori uste duela hatz erakuslearekin azpimarratuaz.

Biloba arropa eskegitzen dabil erle-kandela eta musikaren konpainian. Eta inauteriek lehen gauaren hasieran zuten kolore berbera nahi luke orain bere egongelan. Eta gau horren amaieran. Ahaztu nahi duen bukaeran.

Eskua hanka artean duen zaurira eraman, eta gauzak nola izan diren hain gordin pentsatzen duen bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!