Pertsona lasai baten komeriak

Azkenaldian aktualitatea jarraitzea kostatzen zaidala onartu behar dut. Hemen, han eta haratago gertatzen denari buruz informatuta egon eta iritzi kritikoa izatea geroz eta zailagoa egiten zait. Bizi garen garai nahasi honen inguruan jantzita egon nahiko nuke, baina ipurdi bistan sentitzen naiz sarri.

Badirudi ez dudala talentu edota talanterik mundu hau ulertzeko. Gustatuko litzaidake gertu zein urrun ditugun gatazken testuingurua eta aurrekariak ezagutzea; bertako eta aparteko egoera sozioekonomikopolitikoaz jakitea; munduko herrialde guztietan gertatzen denaren ideia orokorra izatea; edozein gairen inguruan mapa mental sendo bat izatea. Betiere, kontatzen digutenari filtro kritiko batekin begiratuz, diskurtsoen partzialtasuna ulertu eta atzean dituzten interesak eta hutsuneak antzemanez. Horretarako, egunero egunkaria azaletik kontrazalera irakurtzeko tartea izan nahi nuke, baita hainbat irratsaio entzun eta dozenaka liburu irakurtzeko ere. Baina ezin denera iritsi.

«Ez zait erraza egiten fundamentuzko pertsona informatu, koherente, konprometitu, orekatu, fin, atsegin, txukun eta batez ere, 'lasaia' izatea»

Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zait norberak bidezkotzat jotzen dituen kausak defendatzea eta komunitatearen parte aktibo izatea ere. Bestalde, ederra litzateke etxe inguruko bazterrak bisitatu eta baita mundu zabalean bidaiatzea; jende asko eta askotarikoa ezagutzea; euren istorioak entzun eta horietatik ikastea; etxeko eta lagunekin biltzeko astia izatea. Eta noski, norbere buruarekin egoteko tartea hartzea; egunean zortzi orduz lo egitea; ondo eta goxo jatea; egunean bi orduz mendian ibiltzea; osasuntsu egon eta itxura txukuna izatea; etxea garbi edukitzea; telefonoarekiko menpekotasunik ez izatea. Zerrendari gehitu pelikulak ikustea, musika entzutea, loreak zaintzea eta eskulanak egitea. Ah, eta ez ahaztu e-maileko sarrera-ontzia eta ordenagailuko deskargen karpeta garbi izatea. Baina ezin egunak dituen 24 orduetan hori guztia egin.

Ez zait erraza egiten fundamentuzko pertsona informatu, koherente, konprometitu, orekatu, fin, atsegin, txukun eta batez ere, lasaia izatea. Erabateko neurosiaren eta etsipenezko inaktibitatearen artean puntu harmonikoa aurkitu duen super gizakia izatea. Bi hitzetan, ez da lan samurra etengabean eskuetatik badoala dirudien errealitateari atximur txiki bat egin eta horrekin konformatzen jakitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!