Hurrengo geltokia: esperantza

Errealitateari zenbakia jarri diote: 1000 haur errepideetan espetxeetako bihotz dispertsatuak bisitatzen. Esaerak dio mendekua itsua dela.

Auzokoari nazionalitatea gogorarazi nahian, Gasteizko bebarru zenbaitetako ateek bandera espainolak erditu dituzte, txakur arrek euren territorioa markatu izan balute gisan.

Mola eta Sanjurjo hilobitik ateratzeagatik, «bizirik gaudenekin ausartu hadi» esan diote Iruñeko hormek Asironi. Ai, Larragan paretek hitz egin ahal izan balute Maravillasen gorpu bortxatua txakurrek jaten zuten bitartean!

Paretek baino ozentasun handiagoz oihukatu dute kaleek Iruñean. Gorputza norberarena da nahi duzunean, nahi duzunarekin, nahi duzuneraino, gozatzeko, jolasteko, biluzteko, miazkatzeko. Ezetzak esateko, ulertzeko eta errespetatzeko dira.

Eskolan buruz ikasarazi zizkiguten «teokrazia», «autokrazia», «demokrazia» eta auskalo zenbat «krazia» gehiago. Hor nabil denak gogoratu nahian, ea bakarren batek hautagaiak epaitegietan erabakitzen direla dioen.

Asensiok, Olanok, Itsasok eta abarrek barre egiten diete «bizitza da handiena» abesten dutenei. Uste baitute inor ez dela ohartu errauskailuaren proiektuari tximinia falta zaionik. Bizia vs. min bizia. Ezer ez da arrastorik utzi gabe desagertzen.

«Burkinia»: aurtengo udako hitza. Gorputz estaliek asaldatzen gaituzte, gorputz biluziek bezain beste. Batzuei poliziak bidaltzen dizkiegu tapakiak ken ditzaten eta besteak hondartza bakartietara bidaltzen ditugu, gorputz biluzi bekatariak eguzkitan goxatzera. Bien bitartean, hondartza ponpoxoetan sei urteko neskatoak bularretakoarekin dabiltza, zer ezkutaturik balute bezala.

Abestiak dioen moduan, «próxima estación: esperanza». Hurrengo geltokira arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!