Joan bai, etorri ez

Erabiltzailearen aurpegia Maider Eizmendi 2017ko uzt. 16a, 09:24

Bidaiatzeko garairik bada, hau udara da. Opor lekuan hankak jarriak ez dituenak, dagoeneko burua han ederki pausatua du edo lan egiteko mahaitik gero eta urrunago bederen. 

Ikasturte guztian pilatutako nekea astunago egiten da egunetik egunera; edo, agian, beroa da burua eta hanka biak opor premiara eramaten dituena. Ez dakit, baina bidaia abiatzeko falta diren egunak ez direla neguko katramilan ziztu bizian pasatzen diren horien abiada berean joaten iruditzen zait.

Gu bagoaz eta haiek badatoz. Nire herrian apenas dago turistarik, eta iristen diren bakanak ikusi beharrekoa ikusi eta laster egiten dute martxa. Kostaldean topatzen dute haiek paradisua. Hondartza, izozkia, parranda, zer ikusi eta erosia... Aspaldian Donostian ibili denak atzemango zuen turistaz lepo dagoela. Urrutitik atzematen zaie, bertakoek baino begi zabalagoz begiratzen dituztelako bazterrak eta gehienetan ikusitako hori euren kamerak betiko egin nahi izaten dutelako. Soinean daramatzaten arropek ere salatzen dituzte, batez ere eguraldi makurretan janzten dituztenek. Izan ere, oso turistena da euria egin eta zirarekin batera galtza motzak eta sandaliak janztea, oporretan zaudenean soilik jartzen atrebitzen zaren txapelarekin batera. Halakoetan ez da zalantzarik. Tabernara sartu eta plater handi batekin barra zabalean pintxoak bata bestearen atzetik hartzeak ere salatzen ditu, batez ere arratsaldeko seiak jo aurretik ari badira afari legea egiten.

Bai bidaia garaia da hau inondik ere, turistenak eta tamalez baita bidaian abiatu nahi ez eta bidaia luzea abiatu behar izan dutenena. Haiek joan egiten dira, baina ez dira inora etortzen, hartuko ez duen inor topatu ez eta ez-lekuetan daudelako. Erakundeek irribarretsu ematen dituzten datu eta diru estatistiketan ere ez dute lekurik topatzen eta gero eta gutxiago albistegietan, etorri, guk hartu eta dirua utzita etxera bueltan joaten diren horien irudiak direlako orain albiste; seguruenik gerratik ihesi datozen pertsonen bidaia udazkenean ere bidaia izaten jarraituko duelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!