Gatz puntua

Erabiltzailearen aurpegia Maria Lopez Altuna 2013ko aza. 15a, 15:38
350 ml. esne, 325 g. gari-irin, 75 g. zekale-irin, 75 g. gari-irin, 25 g. arto-irin, 25 g. gurin, 20 g. ezti, 15 g. legami eta 8 g. gatz. Ogia makina bat aldiz eginagatik ere, asko dira formula doi-doi jarraitzeko beharra dutenak. Dena kontrolpean izatea atsegin dute, eta horrela ez bada ezeroso sentitzen dira. Buruz dakite osagai bakoitzaren neurri zehatza, eta hala eta guztiz ere, errezeten liburuxka ateratzen dute eta urrats bakoitza eman aurretik birritan irakurriko dute idazkia, okertzeko ikaraz.

Bestalde, bada sukaldearen jaun eta jabe elikagaiekin jolasean ausart eta adoretsu aritzen dena, armairuak arrautzez ziliportatzeko eragozpenik gabe. Lurrera irina erori dela konturatu arren lasai darraiena. Hark patxada osoz sartzen du atzaparra irinaren ontzian, eta gutxi gora-behera neurtzen du ur zorrotada. Hatza masan sartu, dastatu eta gatz puntua zuzenduko du, bere aburuz geza baitago.
Bizitzan, sukaldean antzera, kikildurik aritzen dira batzuk; gainerakoen aginduen zain, nora joan ez dakitela. Errezeta arautua behar dute, eta hori izan ezean, ezer gutxi egiteko gai dira.
Bizitzan, sukaldean bezala, norberak bere nahasketak egin behar ditu, bakoitzak bere irizpidez, ez beste inoren arabera.
Zipriztindu, ez izan eskuak irinez zikintzeko beldurrik! Nork ez du inoiz arroza urtsuegi egin? Edota, babarrunak gordinegi? Ibil zaitez zure saltsa gustukoenean eta eman zaporea egunerokoari. Eta, okertu zaitez, zergatik ez? Hori ere posible baita bizitzako sukaldean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!