Biluztu oinak

Erabiltzailearen aurpegia Maria Lopez Altuna 2013ko abe. 13a, 21:36
Mota askotarikoak dauzkat, kolore guztietakoak, udakoak zein euritakoak, kirola egitekoak eta mendikoak, apain-apain janztekoak, kolore biziko lokarriekin, eta baita larruzkoak ere… Zapata mordoxka bat topatu daiteke nire armairuan.

Eguneroko betebeharretan laguntzen naute: hemendik bertara presaka agudo joaten, irtetear den autobusa hartzeko lasterka egiten, zaparradapean goxo ibiltzen… Ezin esan dezaket mesede egiten ez didatenik.

Goizero ipintzen ditut, etxetik atera aurretik, ongi ikasia bainaiz ezin dudala kalera oinutsik atera. Ohartu naiz, esnatzean dudan aldartearen araberakoak direla janzten ditudan zapatak. Honen adibide, gaur aukeratu ditudan takoidunak. Antza, ez naiz indartsu itzartu eta oinetakoak izan dira nire ahultasunaren lekuko. Noizbait onartuko dut ez naizela 170 zentimetroetara heltzen, nahiko nukeen moduan. Bitartean, txiki esnatzen naizen egunetan, orkatila okertu dut goizetik gauera bi bider ere, beharrezko bada, apur bat boteretsuago sentitzearen truke. Ilunabarrean, egun amaiezinaren ostean etxera heltzean eranzten ditut; itxurakeria beti ataritik kanpo geratzen da.

Kuriosoa iruditzen zait, ordea, oinak babesteko edo ezkutatzeko dugun ohitura, beharra akaso. Zertatik babesten gaituzte, baina? Lurraren malgutasunetik, beharbada? Ala, belarraren freskotasunetik? Lokatzaren jolasteko grinatik, agian? Edota, ur garbitik? Ez dut uste oinetakoak naturan barrena ibiltzeko asmatuak izan zirenik, pare bat zentimetro banatzen baikaituzte lurretik, harekin dugun lotura galduaz. Guk sortu dugun zementuzko gizarteaz babesten ez ote gaituzten susmoa daukat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!