Gertu

Erabiltzailearen aurpegia Maria Lopez Altuna 2014ko mar. 16a, 15:30
Lagunak hasi dira jada udako oporrak antolatzen. Oraindik oso goiz da, hori esan diet nik behintzat. Baina, tematurik daude, garaiz mugituz gero topatzen omen dira aukera paregabeak.

Italian zehar itzulia, proposatu du batek; Greziara hegaldia topatu du beste batek, merke gainera, pagotxa galanta. Bertan autobusez ibiliko ginateke harat eta honat, xarmaz beteriko hondartza bakartiak deskubrituz. Eta derrepentean akordatu naiz, hemen bertan, Euskal Herrian, badirela oraindino ezagutzen ez ditudan plaiak ere.

Polita dela dioten arren, ez dut sekula Sopelako Barinatxe hareatzan igeri egin. Zumaiako parajean paseatu dut; gustura itzuliko nintzakete, ordea. Pirautxoak alokatu eta zergatik ez dugu Flyscha beste ikuspegi batetik gozatzen?

Aurten, oporrak beste nolabaitekoak nahi ditut. Jasangarriak, bai nire poltsikoarentzat, baita guztiona den Lurrarentzat. Iratiko basoan barrena, denboraren zentzua galdu nahi dut. Donibane-Lohitzuneko arroka tartean karrakelak bilatu edo Segurako Erdi Aroko alde zaharra ikustatu. Hartz-ama handia eta bere kumea, Orion gudariaren babespean ikusi nahi ditut Belaguako gau izartsuetan. Otsoen uluen oihartzuna entzun Valderejon. Zuberoako herrixkak zeharkatu kanpin denda bizkarrean; edo autoa milaka traste eta konpainia onaz bete eta Arabako bihotzean geldiunetxoa egin, lautadan alegia.

Kopenhage, Argentinako Pampa, Kalkuta… ezagutu nahi ditut, oraindik ez bainaiz han izan. Baina, hemen inguruan, ere, bada oraindik bisitatu ez dudan Aramaio; edota Errioxako mahasti batean dastatu ez dudan kalderetea; igo ez dudan Anboto… Aurtengo udan Eusko-Labeldun bidaia txartelaren alde egingo dut apustua. Inor animatzen da nirekin?

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!