Eme, ama, eman

Erabiltzailearen aurpegia Maria Lopez Altuna 2014ko mai. 18a, 16:00
Gorriz zikindu ditut kuleroak. Banengoen ba ni… Nabaritu dut azken egunotan ohikoa baino suminkorrago nengoela, berezkoa ez dudan tristurak kutsaturik ninduela. Bakarra izan zitekeen horren erantzule, ordea, hilerokoa. Orain, badakit zer datorkidan. Ondo ezagutzen ditut tripako min eta umore txarrez jositako egutegiko bost egun gorri horiek, lorik gabeko gauak… Txokolate mordoa beharko dut zorigaitz honi aurre egiteko. Eta minaren aurkako pilula pare bat ere ez dadila falta, badaezpada.

Antza, asko gara emakumeon emankortasunaren oihua, hilerokoa alegia, isilpean jasaten dugunok. Baina, ez dut ulertzen gure fisiologiaren parte dena noiz bilakatu den gaitz. Gure emetasuna noiztik den pilulekin tratatu beharreko gaixotasun. Nolatan den ezkutatu beharreko lotsa, garbitu beharreko zikinkeria. Gorputzeko organorik elastikoena (umetokia) noiz bihurtu da horren hauskor, hain zurrun, hain mingarri? Nolatan? Noren mesedetan?
Erabaki dut. Gaur ez dut «hilerokoaren aurkako» (zer-nolatan onartu dugu hilerokoa gure etsai bihurtzea?) botikarik hartuko, ez baitit aurrerantzean minik emango, ez horixe! Hilerokoaren inguruan jasotako eta barneratutako herentzia kulturala eta mito faltsuak ahaztuko ditut. Gaur ez ditut kuleroak gorriz zikindu, gaur kuleroak gorriz margotu ditut, isurtzen dudan odolaren bitartez bizia emateko dudan gaitasuna ospatuz!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!