Gorringo berdeak

Erabiltzailearen aurpegia Maria Lopez Altuna 2014ko eka. 15a, 17:00
Europar hauteskundeen biharamunean, nire botoak askorako balioko ote duen galdetzen diot neure buruari. Erosketak egiterakoan ere politika egiten ei da. Hala diote bederen. Eta, hara gauzak zer diren, nire eguneroko jardunean badut hainbat kontraesan. Beharbada, teorian defendatzen dudan politika ez da praktikatzen dudana.

Ozenki kontrakoa esaten dudan arren, produktuen salneurri merkeak tentatzen nau, ekoizpenean zapaldutako duintasunean pentsatu gabe. Kantitateak itsutzen nau (prezio berean kilogramo gehiago hobe), gaitzesten ditudan politikariei gertatzen zaien moduan. Horren ekologista naizen honek, apalategiko arrautza kaxa merkeena sartzen dut otarrean; bost axola horiek errun dituzten oiloen bizi kalitateak. Ez pentsa, gainera, errudun sentitzen naizenik, inondik ere! Gutxi samar arduratzen nau hamaiketakorako jango dudan sagarraren jatorriak. Bozkatu hemengo taldeen alde egiten dudan arren, kanpoko sagarra bertokoa baino merkeagoa bada, komeria gutxi izaten dut hangoa erosten.
Hauteskundeetan botoa alde batera bideratu, baina, erosketak egitean, ahaztu egiten zaizkit hain sutsu ahoratzen ditudan nekazarien eskubideak, soldata duina zer den ez dakiten horien izerdia,…


Akaso, boza eman eta politikariak kritikatzea baino eraginkorragoa litzateke erosketatara irtetean jarrera aldatzea. Saskiratzen dudan produktu bakoitzak politika eralda dezake. Gainera, bozkatzeko aukera ez da lau urtez behingoa bakarrik; hark zioen bezala “erosten dugun bakoitzean ematen dugu botoa”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!