Kontserba latak

Erabiltzailearen aurpegia Maria Lopez Altuna 2014ko uzt. 13a, 16:00
Kontserba latako sardinak bailiran, guztiz deskonposatu gabe, topatzen omen dituzte hilotzak lurpetik hilkutxa ateratzean; hil ostean urte dezente igaro ondoren. Lehen birramonaren hezurrak ziren lekuan, egun, aitonaren hezurrez gain, haragi pixka bat ere ei dago.

Egiptoarrek esfortzu askorekin eta teknika findu batekin lortzen zuten gorpuen mantentzea; hil osteko gorpuaren prestakuntza luze baten bidez, alajaina. Guri, ordea, ezer gutxi kostatu zaigu. Aparteko tresnarik eta trikimailu berezirik gabe emaitza bera eskuratu dugu. Nola, baina?


Antza, bizitzan zehar hartutako produktu artifizialek eragiten dute hilotzen irautea. Irentsitako elikagaien kontserbagarri mordoak gure gorputza kontserbatzen du, hil ostean, bederen.


Halere, horrek ez gaitu bizitzan zehar hobeto mantentzen. Bizirik gaudela ehunak gero eta «ustelago» ditugula esan liteke: minbizi tasak goranzko abiada izugarria darama; osteoporosiak ere tankerako martxa hartu du… Hil ondoren, ordea, lehen baino gehiago mantentzen da gure gorpua. Bikaina gure lorpena!


Hartutako botika, eta gehigarri artifizial guztiek gure gorputza arrotz egin dute harrentzat, hots, lurra ongarritzeko hain beharrezko direnentzat. Horrela, biziaren legea hautsi dugularik: hauts izan ginen behinola, eta berriro ere hauts bihurtzea nekeza egiten zaigu. Jada ez gara zizareen gustuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!