Ebaluazioaren ikuspuntuaz eta ikuspegiaz

Urte batzuk daramatzagu Finlandiako hezkuntza sistemaren kalitatearen goraipamenak entzunez, eta nik ez dut zalantzan jarriko bertako eskoletan egiten den lana aparta izango ez denik. Baina, irratian entzun berri dut dendetan lapurreta gehien egiten den Europako estatua omen dela, betiere, egin duten ikerketa baten arabera. Ikuspuntu horretatik ebaluatuko bagenu bertako hezkuntza sistemak porrot nabarmena izango luke, noski.

Baina, ez nator Finlandiako hezkuntzari buruz hitz egiteko asmoz. Izan ere, ez daukat behar adina informazio iritzi argumentatu bat emateko. Ebaluazioa, ordea, aztergai bihur dezakegu.

Izen aparta du Finlandiako hezkuntza sistemaren kalitatea gorenera eraman duen frogak: PISA. Argi gera bedi izena ez datorkiola Italiako dorrerik famatuenetakoa dagoen herritik, baina, antza, gutxienez, badu. Dorrea bera begiratzen zaion puntuaren arabera zuzen dago edo ezkerrera zein eskuinera okertua dago. Normala, ezta? Ba eskolako ebaluazioarekin ere antzeko zerbait gerta dakiguke. Emaitza desberdina izango da begiratzen zaion puntuaren arabera, ezta?

Gure ebaluazio sistema ikasleen gaitasunak bilatzera bideratu behar dugu, soilik horretara. Xede nagusi hori hartuta ez da zilegi ikasle batek dituen hutsuneetan azentua jartzea, alderantzizkoa hobe da, dituen gaitasunak indartzea, hain zuzen ere. Badakit, oso konplikatua da. Baina, aldi berean zoragarria ere izango litzateke. Argi daukat ebaluazioaren aldaketa hori lortzen dugun egunean, ikasle guztien eskola urteak ongi aprobetxatutako urteak izango direla, gaur egun modan dagoen eskola porrota atzean uzten hasiak izango garela eta etorkizuneko gazteek gaur dutena baino argiago izango dutela zer egin nahi duten euren bizitzarekin. Beraz, beste ezer aldatzen hasi aurretik, alda dezagun eskoletan ebaluazioari buruz daukagun ikuspegia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!