Tolosako Bandaren kontzertua, larunbatean

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako Musika Banda 2014ko urt. 21a, 18:46

Larunbatean, 19:00etan, kontzertua eskainiko du Tolosako Musika Bandak Zerkausian. Bertan, Idoia Balza izango da zuzendari. Urrian zuzendu beharreko kontzertua bertan behera geratu ostean, hauxe izango du zuzendari bezala lehen kontzertua. Banda zuzentzen duen lehen emakumea ere izango da.

Tolosako Musika Bandak urriaren 24an kontzertu bat eskaini behar zuen Larramendi auzoan, baina eguraldi txarraren ondorioz, bertan behera utzi behar izan zen emanaldia. Hala, orduan eskaini ez zen kontzertua larunbat honetan, hilak 25 egingo da. Emanaldia Zerkausian izango da, 19:00etan. Eta oraingo honetan bai, emakume bat ariko da lehen aldiz banda zuzentzen, hain zuzen ere, Idoia Balza.

Sei abestiz osatutako kontzertua eskainiko du Bandak:

1. EL CASERÍO............Jesús Guridi      Preludioa (2. Ekitaldia)      

2. GOYESCAS - INTERMEDIO..............Enrique Granados                                 

3. JUNGLE BOOK.....................Robert & Richard Sherman     

4. CERTAMEN LEVANTINO....………Pascual Marquina 

5. LAS PLAYAS DE RIO......................Kees Vlak

      I.    Trocadero

      II.    Ipanema

      III.    Copacabana

LEHEN EMAKUMEZKOA ZUZENTZEN

Kontzertu honetan Tolosako Musika banda historian lehen aldiz zuzenduko duen emakumea izango da Idoia Balza. 1975. urtean jaio zen Billabonan eta 10 urterekin musika ikasten hasi zen Tolosako Eduardo Mokoroa musika eskolan. Klarineteko ikasketak Jose Miguel Chirivella, Luis San Sebastian eta Luis Mari Gartzia irakasleekin egin zituen. Klarineteko erdi mailako ikasketak burutu zituen Tolosan eta ondoren Donostiako kontserbatorioan klarineteko goi mailako ikasketak jaso zituen. 1996. urtean Tolosako musika bandan hasi zen klarinetea jotzen eta geroztik bertako partaidea da. Musikaz aparte, euskal filologian lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik.

1999an klarinete irakasle bezala sartu zen Altsasuko musika eskolan. Gaur egun, 2001 urtetik, musikako eta klarineteko irakaslea da Loatzo musika eskolan, bertako ikasleen musika bandaren zuzendarietako bat ere izaki. 2012. urteaz geroztik Tolosako musika bandako zuzendariordea da.

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!