Aulkitik

Puntu ederra Valladoliden

Erabiltzailearen aurpegia Elene Elexpuru 2024ko api. 17a, 11:48

Aste osoa entrenamenduetan partida honetan pentsatu eta gero, gogotsu joan ginen Valladoliderantz, Parquesoli aurre egiteko asmoarekin.

Nahiz eta partida igandean izan, larunbatean 16:30ean hartu genuen autobusa Valladoliderantz joateko.

Hotelera iritsi bezain laster, motxila guztiak bakoitzaren logeletan utzi eta afaltzera abiatu ginen. Afaldu ondoren, taldekideak hotelera joan ginen lasai-lasai bertan hitz egiten pixka bat egoteko, eta ohera joan ginen biharamuneko partidan pentsatuz.

08:45ean geratu ginen gosaltzeko. Gosaltzerako orduan, a zer sorpresa! Nire urtebetetzea zen eta ospatzeko, kandelak piztu eta Zorionak zuri kantatzen hasi ziren! Partidarantz joan baino lehenago joko batzuk egin genituen aktibatzen hasteko.

Zelaira iritsi, jantzi eta entrenatzailearen hitzaldia entzun ondoren, hamaikakoa berotzera atera zen. Partida hasi bezain laster, Martaren gola etorri zen, Parquesolen atezainaren hutsegitearengatik. Ondoren, haiek sartu zituzten beraien 2 golak: lehenengoa, areaz kanpotik faltaz, eta bestea, aldiz, alboko sake bateko jokaldi batetik. Bigarren zatian, orokorrean ez ziren aukera asko sortu, baina beraien defentsaren hutsegitearengatik etorri zen Irantzuren gola.

Merezitako puntua ondo ospatzeko, bazkaltzera joan ginen Valladolideko jatetxe batera, eta arratsaldean Tolosara itzuli ginen autobusean pastak janez.

Goazen neskak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!