Sareko lehen lau hariak lotuta, hurrengoak josten hasteko gogoz

Erabiltzailearen aurpegia Tolosaldea Garatzen 2016ko mai. 2a, 10:44

Tolosaldea Saretzen Proiektu Estrategikoen Bigarren deialdia lantzen ari da kontseilua eta epe motzean prest izango da bigarren edizioa.

Tolosalderako estrategikoa den proiektu bat garatu nahi al duzu? Galdera hau irakurri eta zure erantzuna baiezkoa bada, hasi buruari bueltak ematen eta aspalditik loa kentzen dizun ideia horri forma ematen. Izan ere, udaberri honetan berriro ere hemen izango da Tolosaldea Saretzen proiektu estrategikoen deialdia.

2015ean jarri zen martxan egitasmoa eta urtebete beranduago lehen fruituak ematen hasi da. Iazko urtearen amaieran Tolosaldea Saretzeneko batzarrak nahiz Tolosaldea Garatzeneko administrazio kontseiluak hala ebatzita lau proiekturi esleitu zitzaien diru laguntza. Hala nola, Tolosaldea Goi Mailako LH Institutuak eta Inmakulada Ikastetxeak elkarrekin aurkeztutako Etekin handiko taldeak kudeatzea eta lantzea proiektuari; Egoitz Zalakain ekintzailearen Tolosaldean arraun teknifikazioaren erreferente proiektuari; Peñascal Fundazioaren Etxeak birgaitzeko insertzio enpresa bat sortzea helburu duen proiektuari; eta azkenik, Paper Eskola Indartzeko Elkartearen Entsegu laborategiaren homologazioa izeneko proiektuari. Horrela, eskualdeko udalek sortutako diru funtsa, iazkoan, 125.000 eurokoa izan zena, lau zatitan banatu zen.

Orotara hamaika proiektu aurkeztu ziren lehen deialdira eta epaimahaiak ondorengo baldintza eta irizpideak hartu zituen kontuan hautaketa egiteko garaian: Tolosaldean gauzatzeko moduko proiektua izatea, eskualde ikuspuntua indartzea, bertako ingurune fisikoa errespetatzea eta Tolosaldeko biztanleen bizi kalitatea hobetzen laguntzea. Horrez gain, balioan jarri ziren ondorengo ezaugarriak: erreferentzialtasuna; sektore publiko eta pribatuaren arteko uztarketa; ekonomikoki bideragarria izatea; kalitatezko enplegu potentziala sortzea eta berritzailea izatea.

Bigarren deialdia lantzen

Une honetan Proiektu Estrategikoen II. Deialdia lantzen ari da Tolosaldea Saretzen plataforma, eta oraindik ere epeak nahiz oinarriak erabat zehazteke baldin badaude ere, ardatz gisa iazko irizpide berak hartuko dira eta ildo bera jarraituko dute zehaztutako helburuek. Aurten ere, antolatzaileen erronka nagusietako bat aniztasuna bermatzea izango da, iazko edizioaren balorazioan hori izan baitzen azpimarratutako ezaugarrietako bat. Hau da, eskualdearen garapen estrategikoan arlo eta sektore ezberdinetako egitasmoek izandako lekua.

Proiektu estrategikoetarako Tolosaldea Saretzen deialdia, lehiaketa publikoa eta irekia da eta Tolosaldeko 18 urtetik gorako edozein pertsona fisikok edota eragile pribatuk hartu ahal izango du parte. Lehenetsitako proiektuak eskualdeko udalek sortutako diru funtsaren bitartez finantzatuko dira.

Deialdian parte hartzeko interesa dutenek eskualdearen garapenerako estrategikoa izan daitekeen proiektu bat aurkeztu beharko dute. Era berean Tolosaldean gauzatzeko moduko proiektuak izan beharko dira, eskualde ikuspuntua indartu beharko dute, baita bertako ingurune fisikoa errespetatu ere eta azkenik, Tolosaldeko biztanleen bizi kalitatea hobetzen lagundu. Informazio gehiago nahi duenak www.tolosaldeagaratzen.eus web gunean eskuratu ahal izango du, Tolosaldea Saretzen atalean.

Tolosaldea Saretzen, deialditik haratago

Tolosaldea Saretzen egitasmoa, eskualdeko parte hartze sistema iraunkor eta integrala diseinatzeko prozesua 2012. urtean hasi zen lantzen eta forma hartzen. Sustatzaileek argi zuten Tolosaldea Saretzenek eskualdeko eragile sozial eta ekonomikoak tokiko garapenean inplikatu eta parte hartzera bultzatzeko balio behar zuela. Eta horrela, 2014ko azaroaren 19an Tolosaldea Saretzen Kontseilua osatu zen.

Tolosaldea Saretzen, eskualdeko eragile publiko eta pribatuz osatutako plataforma eta eztabaidagune parte hartzailea da, Tolosaldeko garapen iraunkorraren alde sortzen diren ideiak eta proiektuak estrategiko bilakatzen laguntzeko eta eskualdeko garapenaren alde ikuspegi partekatua eraikitzeko.

Honako helburu nagusiak ditu:

• Tolosaldeko proiektu estrategiko baten sentimendua sortzea eta elikatzea.

• Norabide partekaturako baldintzak sortzea. Izaera anitzeko eragile desberdinak lankidetzan jarri eta kultura berritu baten oinarriak ipintzen joatea.

• Eskualdeko garapenaren lehentasun estrategikoak finkatzea.

• Elkartrukerako gunea izatea; eragileen dibertsitatea proiektuak aberasteko baliagarri bilakatuz.

• Erronka estrategikoen gainean proposizio emailea izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!